X-teknologia-X

Trascend-en eskutik

GPSa duten eskiatzeko betaurrekoak aurkeztu dituzte CES azokan

Ane Roteta

Posizionamendu globaleko sateliteak dituzte betaurrekoak. Bestalde, LCD mikropantaila bati esker abiadura, distantzia eta errendimendua jakin daiteke.

Azken sorkuntzak ikusi ditugu aurtengo CESean (Consumer Electronic Show), eta berrikuntza nagusi horietako bat izan da GPSea duten eskiatzeko betaurrekoak. Posizionamendu globaleko sateliteak dituzte betaurrekoek, eta hauek jantzita badituzu munduko edozein tokitan aurkituko zaituzte.

Betaurreko hauen sortzaileak Trascend konpainiakoak izan dira, eta Kanadako The Globe and Mail egunkariaren arabera, Recon Instruments Inc enpresaren laguntza izan du konpainiak azokak iraun duen bitartean.

Sorkuntza berri honekin erabiltzailearen abiadura jakin daiteke denbora errealean, eta baita distantzia eta errendimendu estatistikak ere, betaurrekoek duten LCD mikropantaila bati esker.

Betaurreko hauek ARM9 prozesadorean oinarritzen dira, eta honek Android sistema operatiboa erabiltzen du. Honek, aldi berean, kamara edo Bluetooth bidez smartphonea konektatzea ahalbidetzen du, eta mapa integratuak kontsulta daitezke.

Egunkariak adierazi duenez, sistema honi esker erabiltzaileak bere lagunen jarraipen bat egin dezake, bideoak igorriz eta baita lagunaren ikuspegian jarriz ere, non dagoen jakin ahal izateko. Gainera, mapak, ibilbideak eta sailkapen-taulak partekatu daitezke.

Betaurrekoak 2011ko bigarren hiru hilabetean izango dira eskuragarri, eta prezioa 299 dolarekoa izango da (230 euro). Beste eremu batzuetarako ere egin direla adierazi dute, hala nola, motoziklismoa, igeriketa edo eguzkitako betaurrekoak.