X-teknologia-X
CES azokan
Telebisten berrikuntzak aurkeztu dituzte hainbat teknologia etxeek
Ane Roteta
Sony, Samsung Electronics, Toshiba, LG Electronics eta Vizio etxeak pantaila berriekin datoz, eta guztietan 3D teknologia nagusitu da.
Las Vegasen ospatzen den CES (Consumer Electronic Show) azoka da aurrerapen teknologikoen erakusleiho mundiala, eta telebistaren arloan berrikuntza ugari aurkeztu dituzte. Sony, Samsung Electronics, Toshiba, LG Electronics eta Vizio izan dira euren pantaila eredu berriak aurkeztu dituztenak, eta ezaugarri hauek dira nagusi guztietan: 3D teknologia (betaurrekorik gabe), Internetera sarbidea eta diseinua.
Sony konpainiak Bravia telebista berriak aurkeztu ditu. Konpainiak adierazi duenez, Interneterako eduki gehiago, konektibitaterako aukera aurreratuak eta 2D eta 3D irudi hobeak eskaintzen ditu. Sony Bravia telebistak kanal eta zerbitzuak gehitu dizkio “Bravia Internet Video” zerbitzuari, eta ez dago ordenagailu baten beharrik telebista ikusteko. Gainera, wifi teknologiari esker Internetera konektatzea posible da kablerik gabe. Bravia eredu berriek Full HD irudien kalitatea hobetzen dute bi eta hiru dimentsiotan, eta X-Reality dute (irudien prozesadore berri bat). Honekin, xehetasun gardenak lortzen dira, baita definizio estandarra duten irudietan ere. Gainera, Sonyk Blue-Ray erreproduzitzaile berriak aurkeztu ditu 3Dn, eta ez dago betaurrekoen beharrik.
Samsung: LED telebistak eta plasma finak
Samsung Electronics etxeak LED telebistaren kate berriak aurkeztu ditu, eta 19 eta 30 hazbeteen artean daude. Hauek eduki berrien bidez entretenimentua eskaintzen dute, konpainiak adierazi duenaren arabera. Gainera, merkatuko telebistarik handiena aurkeztu dute, 75 hazbeteko LED telebista. Smart TVrentzako funtzio berriak aurkeztu dituzte eta hauek dira CES azokan erakutsi dituzten berritasun nagusi batzuk: Samsung App, Your Video edo Web Browser, eta 3D teknologia. Samsungen diseinu berria oso azpimarragarria da, telebisten tamainua arrakasta handiarekin txikitu baitute. Bestalde, erabat gardena den AMOLED izeneko pantaila aurkeztu dute, eta piztuta edo itzalita egonda, irudi kalitatea ez da galtzen.
Toshiba eta LG Electronics: 3D betaurrekorik gabe
Lehiakideengandik bereizteko, Toshiba eta LG etxeek 3D duten telebista sorta bat aurkeztu dute, baina horretarako ez dago betaurrekoen beharrik. Toshibak 3D teknologiarekin eta betaurrekorik gabeko telebista kaleratuko du Europan 2011ko apirilean.
Bestalde, LG mugikorren pantailan zentratu da. Telebista eramangarri hau AEBetako definizio altuko mugikorren transmisio sistemarekin funtzionatzeko egin dute (ATSC-M/H). Las Vegasen erakutsi duten eredua 800X480 pixeleko pantaila bat da, eta hainbat LG produktuentzat egin dute. AEBetan 2012an merkaturatuko dute, eta 200 dolar baino gutxiagoren truke eskuratu ahal izango da.
Vizio: 58’’ko LED pantailak
Vizio konpainiak 50 eta 58 hazbeteko HDTV LED pantaila berriak aurkeztu ditu. “Cinema Display” izeneko telebista hauek 2560X1080 pixeletako bereizmena du, eta zine formatua 21:9koa da.
Skype, Sony eta Vizio telebistetan
Skype konpainiari esker telebistaren bidez Interneterako sarbidea eduki ahal izango da. 2010ean bideo bidezko deiak egiteko posibilitatea aurkeztu zuen Panasonic eta Samsung telebisten bidez. Eta 2011 urtearen amaierarako, Skype eskuragarri izango da Sony eta Vizio telebistetan ere, konpainiak blog ofizialean adierazi duenaren arabera.