youtuberrak

youtuberrak

youtuberrak

Lehiaketa

'Youtuberrak' lehiaketa jarri du martxan Gazteak

EITB.EUS

'Gu ta Gutarrak' saioak lehiaketan parte hartuko duten bideo guztiak eskainiko ditu, eta hileroko bideo onenak 500 euroko saria jasoko du. Urte amaieran, YouTubeko euskarazko kanal onena sarituko du.

0:33

Gazteak Youtuberrak lehiaketa jarri du abian. YouTubeko euskarazko kanaletako bideo onenen artean, hilero, 500 euroko saria jarriko du jokoan lehiaketak. Horrez gain, urte amaieran, YouTubeko euskarazko kanal onenaren eta urteko bideo onenaren sariak emango dira. ETB1eko 'Gu ta Gutarrak' saioak, gainera, lehiaketan parte hartuko duten bideo guztiak eskaini eta komentatuko ditu. Julen Telleriak gidatzen duen programa erreferente bihurtu da euskal gazteen artean, eta Internet zein sare sozialetan markak hautsi ditu.

Maiatzetik abendura arte, hilero, bideo irabazle bat egongo da, uztailean eta abuztuan izan ezik. Bi hilabete horietan jasotako bideoen artean, udako bideo onena aukeratuko da, eta udako sari berezia jasoko du. Publikoak aukeratuko ditu bideo onenak, Gaztearen webgunearen bitartez botoa emanez. Bozkatzeko epea hilabete bakoitzeko azken asteazkenean itxiko da.

Urte amaieran, gainera, hilabete bakoitzeko irabazleen artean, urteko bideorik onena aukeratuko dute webguneko erabiltzaileek, eta epaimahai berezi batek YouTubeko euskarazko kanalik onena zein den aukeratuko du, lehiaketara aurkeztutako bideo guztien artean.

Sari potoloak egongo dira jokoan. Hilabeteko bideo onenak 500 euro jasoko ditu, eta udan banatuko den sari bereziaren irabazleak, hau da, uztail eta abuztu bitartean jasotako bideo onenak, 1.000 euro eramango ditu etxera. Urteko bideo onenak, berriz, 500 euro irabaziko ditu, eta urteko kanal onenak saririk handiena jasoko du: 2.000 euro.

Urteko kanal onena saritzeko ezaugarrien artean, kanalaren originaltasuna, publikoarekin daukan erlazioa, sare sozialetan egindako ekintzak, bideoen kalitatea eta aniztasuna, eta bideoei balio erantsia ematen dioten elementuak (etiketak, efektuak, estekak, etab.) izatea hartuko dira kontuan.

Nola parte hartu

Parte hartu nahi duten kanalek datu pertsonalak eta kanalaren deskripzioa eta URLa bidali beharko dute youtuberrak@eitb.eus helbide elektronikora. Hilabeteko bideo onenaren lehiaketarako ere, helbide horretan eman beharko da izena.

Lehiaketan parte hartzeko oinarri guztiak Gazteako webgunean daude ikusgai.