Zulora

Zulora

Zulora

Eztabaida saioa

"Zulora" proiektu digital berria, Gaztearen eskutik

Gaztea

Eztabaida saioaren lehen atala irailaren 30ean estreinatuko da. Gazteen ahotsa ozen entzungo da saioan bertan eta sare sozialen bitartez.

Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztuta, Gaztearen Youtubeko kanalean eta eitb.eus-en ikusgai egongo den eztabaida saioa da "Zulora". Bogan dauden gaiei buruzko zeresana duten hiru gazte elkartuko dira saio bakoitzean, kezkak, galderak, hausnarketak zein bizipenak konpartitzeko.

"Zulora" proiektuaren muina solasaldia izango bada ere, saioak ondorengo atalak izango ditu: Zulotik at (Julen Portillo tiktoker eta umoregileak saioan jorratzen diren gaiei buruz arituko da kaletik), Hesteetatik larri (gaiari lotutako animazio esketx laburra) eta Bota! (landuko den gaiari buruzko aditu baten ikuspuntua).

Hiru Damatxok ekoitzi du saioa, eta Gaztearen zein EITBren sare sozialen bidez zabalduko da. Lehen atala irailaren 30ean estreinatuko da, Gaztearen Youtubeko kanalean eta eitb.eus-en. Lehen denboraldiak sei atal izango ditu, eta atal berriak bi asterik behin izango dira ikusgai. Saioa entzun nahi duenak EITB Podcasten entzun ahalko du.

Atal bakoitzak 30 minutu inguruko iraupena izango du, baina sare sozialetan (Instagram, Twitter, Facebook) saioko unerik onenen laburpenak eta beste hainbat bideo labur izango dira ikusgai.

Lehen atala

Irailaren 30ean izango da ikusgai "Zulora"ren lehen atala, 22:00etatik aurrera. 'Matxismoa sarean' titulupean, Maialen Arteaga kazetaria, Marina Landa musikari eta ikerlaria eta Irati Erauskin psikologoa emakume gazteek sare sozialetan sufritzen dituzten jarrera matxistez arituko dira. Aditu gisa, Estibaliz Linares ikerlaria izango dute gonbidatu.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Gaztea