EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Erreminta berria
Sentient, hauteskunde-kanpainak egiteko emozio-detektagailua
Teknaliak sortu duen emozio-detektagailu baten bidez, jendeak bere inguruko estimuluei buruz duen iritzia positiboa ala negatiboa den jakin daiteke.
Erredakzioa
Mezuak, janzkerak, keinuak, gaiak edo jendearen gustuko melodiak alderdi politiko bati arrakasta bermatzen dioten zenbait faktore dira. Teknaliak sortu duen emozio-detektagailu baten bidez, jendeak bere inguruko estimuluei buruz duen iritzia positiboa ala negatiboa den jakin daiteke. Horrela, botoa zein alderdiri eman erabakitzeko faktoreak zehazten, doitzen eta areagotzen ere lagundu diezaieke kanpaina-arduradunei.
Herritarrek hautagaiari hartu dioten itxura eta horren intentsitatea neurtzen ditu detektagailuak (itxura ona edo txarra hartu dioten, diskurtsoa eraginkorra izan den, jendeari gauzak nola esaten dituen gustatzen zaion, diskurtsoaren egitura egokia den, hizkera egokia erabili duen...) eta hautagaiak alderatu ditzake.
Sentient izeneko emozio-detektagailuak bihotz-erritmoaren aldaketak neurtu eta zenbait ondorio atera ditzake hortik. Teknaliako ikertzaileek sortu duten sistema hau gailu estandar batez baliatzen da, eta une jakin batean pertsona batek dituen emozioak bluetooth bidez smartphone batera bidaltzen ditu.
Hauteskunde-kanpainak nolakoa izan behar duen zehazteko lagungarriak izan daitezkeen zenbait parametro bidaltzen ditu Sentientek. Hartara, alderdi jakin batek boto-emaileen onespena beregana dezake, haiekiko lotura emozional bat sortuz.