EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Hauteskundeak EAEn
EBren ustez, Arana ezin da erreferente izan 'jaka aldatu eta gero'
Ezker Batuaren alderdiaren Arabako hautagaiak Izquierda Unidak Euskadin Ezker Anitzaren hautagai zerrendak babestu izana gaitzetsi du.
Redacción
Jose Navas Ezker Batuko hautagaia eta alderdiaren bozeramailea ETB-2ko ‘Egun on Euskadi’ saioan izan da asteazken honetan. Aitzol Zubizarretak egin dion elkarrizketan ordezkariak alderdiaren banaketaz hitz egin du, eta haren ustez, Mikel Arana Ezker Anitza-IU alderdiko hautagaia ezin da erreferente izan "jaka aldatu eta gero". Gainera, Izquierda Unidak Euskadin Ezker Anitzaren hautagai zerrendak babestu izana gaitzetsi du.
Navasek nabarmendu du ez dagoela arduratuta, gaur egun legebiltzarkide izanagatik Mikel Aranak ezkerraren aukera pertsonalizatu dezakeelako. “EBko ordezkari gisa aukeratu eta ondoren bide erdian jaka aldatzen duen legebiltzarkideak ez dauka etikarik”, EBko bozeramailearen hitzetan. Hori kontuan hartuta, EAEko boto-emaileek alderdi bakoitzaren ibilbidea aintzat hartuko dutelakoan dago. Jose Navasek ez dauka zalantzarik, eta EBren kaudimena zalantzaz kanpo dagoela uste du.
Kontuak kontu, datozen hauteskundeetan gizarte gaiak ardatz dituzten ezkerreko alderdien artean garrantzitsuena Ezker Batua izango dela uste du Javier Navasek. Izan ere, “euskal politikagintzan 25 urteko ibilbidea dugu”, beti ere “koherentzia, erantzukizuna, balio etiko eta moralak” ardatz gisa hartuta. Bestalde, Ezker Anitza alderdi jaio berria dela dio.
IUren jarrera
Ezker Batuaren Arabako hautagaiak Izquierda Unidak Euskadin izan duen “jarrera arraroa” gaitzetsi du, eta jarrera horrek ordezkaritza zabala izan nahi duen ezkerrari kalte egin diezaiokeela uste du.
“Guztiok elkarrekin joatearen tesia defenditzen dugu”, eta beraz, “baten batek uko egiten badio elkarrekin joateri, horien ardura da”. Halaber, Izquierda Unidako Cayo Lara koordinatzaileari zuzendutako hainbat gutun dituztela gaineratu du, “guztiok elkarrekin joatearen beharra azpimarratzeko”.