EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Urriak 21
EH Bilduk erakunde publiko bat sortu nahi du, kaleratzeak ekiditeko
Koalizio abertzalea Gobernura heltzen bada, hipoteka ordaindu ezin dutenek etxean bizitzen jarraitzea ahalbidetuko duen erakunde bat sortuko du.
Erredakzioa
EH Bildu Eusko Jaurlaritzako gobernura heltzen bada erakunde publiko bat sortuko du, hipoteka ordaindu ezin duten etxe jabeek beren etxebizitzetan bizitzen jarraitu dezaten, alokairu sozial baten truke. Egitasmo horrekin kaleratzeak saihestu nahi ditu koalizioak.
Kutxabank-ek Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan hauteskunde kanpainako ekitaldia egin du EH Bilduk. Ekitaldian izan dira Alternatibako Oskar Matute, ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu eta Aralarreko Dani Maeztu.
Prentsaurrekoan Oskar Matutek hartu du hitza, eta Euskadin egunero izaten diren 14 etxe kaleratzeetatik asko Kutxabank-ek agintzen dituela azpimarratu du. “Kutxabank-ek kaudimen altua du eta kalean uzten ditu egunero mailegua ordaindu ezin duten herritar asko”, gaineratu du. EH Bilduk ez du kaleratze gehiagorik nahi, eta, ondorioz, Gobernura heltzen bada etxebizitzako erakunde publiko bat sortuko du, “hipoteka ordaindu ezin dutenen etxearen jabe egingo dena”.
Balizko erakunde publiko hori etxebizitzaren jabe egingo da, baina etxe jabea zenak bertan bizitzen jarraitu ahal izango du, alokairu baten truke. Halaber, alokairua “inoiz ez da maizterraren irabazien % 15 baino altuagoa izango”, eta “familiaren diru-iturria hazten denean, hipoteka ordaintzeari ekingo dio, berriz”.