EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Baieztapen ofiziala

EAJk bakarrik gobernatuko du, baina akordioak lortzea espero du

Jeltzaleen iritziz, momentu honetan ez dira EH Bildurekin zein PSE-EErekin gobernu-koalizio bat eratzeko baldintzak betetzen. 2013ko aurrekontuak dira Jaurlaritza berriak jorratuko duen lehen gaia.

Iñigo urkullu EAJko presidentea. Argazkia: Efe
EAJk bakarrik gobernatuko du, baina akordioak lortzea espero du

02:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza berria bakarrik eta gutxiengoan gobernatzea erabaki du astelehen honetan EAJren Euskadi Buru Batzarrak (EBB). Dena dela, legegintzaldian zehar beste alderdi batzuekin akordioak lortzeko borondatea agertu dute jeltzaleek.

Koldo Mediavilla EBBko arlo instituzionaleko buruak egin du baieztapen ofiziala, Bilbon, Sabin Etxean egin duen prentsaurreko batean. Mediavillak argitu duenez, jeltzaleen ustez momentu honetan ez dira EH Bildurekin zein PSE-EErekin ''hasieratik gobernu-koalizio koherente eta sendo bat'' eratzeko baldintzak betetzen.

Jeltzaleek uste dute krisiak ez duela denbora galtzeko aukerarik uzten.

Zailtasunak

EH Bilduk eredu sozialean, ekonomikoan eta instituzionalean proposatzen zuen ''erabateko aldaketa'' izan da Mintegi buru duen koalizioarekin akordioa lortzeko zailtasuna. Jeltzaleen ustez, EH Bilduren proposamenek ''ez dute zerikusirik'' Euskadin azken 30 urteotan egin izan denarekin, eta ez dute ''antzeko eredurik Europan''.PSE-EErekin, aldiz, gobernatzeko modua izan da oztopoa, Mediavillak azaldu duenez. ''Alderdi barruko kontuei ari dira begira, Euskadiren egoerari baino gehiago'', esan du jeltzaleak.

Beraz, bakarrik eta gutxiengoan gobernatuko du Iñigo Urkulluk, eta 2013ko aurrekontuak izango dira Jaurlaritza berriak jorratuko duen lehen gaia.

Harremana ona da

Edonola ere, legegintzaldian zehar beste alderdi batzuekin akordioak lortzeko borondatea agertu dute jeltzaleek. ''Gai guztietaz hitz egin daiteke, eta, denborarekin, denekin akordioak lor daitezke'', esan du Mediavillak.

EAJko ordezkariaren hitzetan, talde guztiekin harreman ona dute Eusko Legebiltzarreko organoak (mahaia eta batzordeak) eratzeko. Asteazken honetan bertan erabakiko du Legebiltzarreko mahaiak lehen saio noizko deituko duten.

"Erasorik gabeko ituna" dagoela dio UPyDk

Bere aldetik, Gorka Maneiro EAEko UPyDko ordezkariak EAJk gutxiengoan gobernatzeko EH Bildurekin zein PSE-EErekin itun bat sinatu duela susmatzen du. UPyDk Legebiltzarrean daukan ordezkari bakarraren arabera, "EAJk gai zehatz batzuetan bere aurkako erasorik ez izateko itun sekretu bat sinatu du EH Bildu eta PSE-EErekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea