EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Gobernatzeko akordiorik ez
EAJ:'Behin Gobernua osatuta, alderdiekin negoziatzen jarrraituko dugu'
Koldo Mediavilla EAJko arduradun instituzionalak esan duenez, Euskadik bizi duen "premiazko egoera"ren aurrean, kontzentrazio-gobernua osatzeko asmoa izan zuen EAJk.
Erredakzioa
Koldo Mediavilla EAJko arduradun instituzionalak eta batzorde negoziatzaileko kideak azpimarratu duenez, "akordio handiak lotzeko gainontzeko alderdi politikoekin negoziatzen jarraituko dugu, behin Eusko Jaurlaritza berria osatuta".
Halaber, krisi ekonomikoaren ondorioz Euskadik bizi duen "premiazko egoera"ren aurrean, EAJk kontzentrazio-gobernua osatzeko asmoa izan zuela aitortu du.
Halaber, Patxi Lopezi "kontrataziorik eta esleipenik ez egiteko" ofizialki eskatuko diola iragarri du Mediavillak, "hitza eman zuen bezala, zentzuzko transizioa egiteko".
Akordioei dagokionez, EH Bilduk eta PSE-EEk "hainbat alorretan akordioren bat" dutela argi dagoela esan du jeltzaleak. "Ikusi beharko da akordio hauek aurrera aterako ote dituzten", gaineratu du.
"Esparru ekonomikoan, beste alderdiekin akordioak lotzea posible zela uste genuen, bai EH Bildurekin, PSErekin nahiz PPrekin", azaldu du Mediavillak, "baina egun ez dugu lortu eta herrialdeak ezin du gehiago itxaron baina negoziazioak aurrera egingo du Gobernu berria osatu ostean".
Bakarrik gobernatzea EAJrentzat "erosoago" izatea ukatu du EAJko ordezkariak. "Guztiz kontrakoa, gehiengo batek akordio handiak lotzeko aukera ekarriko lukeelako, etengabeko negoziazioa, alegia", ondorioztatu du.