Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
EH Bildu: 'PP eta PSOE eskutik joan dira azken 35 urteotan'
Bi alderdiek frankismoarekin haustea saihestu zutela gogorarazi du Josu Juaristi hautagaiak.
Erredakzioa
Josu Juaristi EH Bilduren Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak "euskal demokraziari bidea irekiko dio haustura bozka bat" emateko deia egin du gaur. Izan ere, horren esanetan, PP eta PSOE "porrot egin duen eredu bat zutik mantentzen saiatzen dira, eta ezin dugu ezer espero eurengatik".
EH Bilduk hauteskunde ekitaldia egin du astearte honetan Eibarko (Gipuzkoa) Unzaga plazan, eta, bertan, Josu Juaristi hautagaia eta Rebeka Ubera legebiltzarkidea izan dira.
Juaristiri "harrigarria" iruditzen zaio PPren eta PSOEren arteko balizko koalizio batek "inor asaldatzea", eta "azken 35 urteotan" bi alderdi horiek "eskutik joan" direla gogorarazi du.
"Bien artean ekidin zuten frankismoarekiko haustura demokratikoa, bien artean eta merkatuek horrela aginduta aldatu zuten ordurarte ukiezina zen Konstituzioa eta bien artean saiatzen dira herrien kartzela baino ez den estatu ustel horri eusten", adierazi du.
Hautagai abertzalearen esanetan, "ezin dugu demokrazia espero haustura demokratikoa ekiditen dutenen aldetik, beraz, hautsi ditzagun gu kateak Estatuarekiko".
Bestalde, Rebeka Ubera legebiltzarkideak EAJren aurka egin du, eta orain "pertsonen Europa" aldarrikatzen duen arren, "Europatik eta Madrildik datozten austeritate aginduak" ezarri izana egotzi dio.
"Zuek zarete, EAJko agintari politiko eta instituzionalak, hezkuntza politiketan 164 milioi euroko murrizketa egin duzuenak. Zuek zarete osasun politiketan 55 milioiko murrizketa egin duzuenak. Zuek zarete, pertsona helburu duzuela diozuenok, enplegu politiketan 121 milioi euroko murrizketa egin duzuenak. Zuek zarete herritarren bizkarretara Kutxabank pribatizatu nahi duzuenak. Zuek zarete kosta ahala kosta AHTren aldeko apustu zentzugabearekin jarraitzen duzuenak, oinarrizko zerbitzu sozialetan murrizketak egiten dituzuen bitartean", salatu du.
"Zuek zarete, PPrekin eta PSOErekin batera, Troikaren beso politikoa euskal instituzioetan", gaineratu du.