Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: EH Bildu
Eskubideak 'konkistatu' egin behar direla adierazi du Juaristik
EH Bilduk Gatzaren Matxinada oroitu du, Bilbon. Zergak eta gatzaren prezioa igo zirelako
Erredakzioa
Josu Juaristi EH Bilduren eta Herriek Erabaki koalizioaren Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak subiranotasunaren eta eskubideen alde borroka egiteko deia egin du. Izan ere, "eskubideak ez dira zerutik erortzen, konkistatu egin behar dira".
Koalizio abertzaleak Gatzaren Matxinada oroitu du astearte honetan, Bilbon. Bizkaiko hiriburuan 1634. urtean jazotako matxina bat da; orduan, herritarrek hiru urtez egin zuten borroka, Espainiako Koroaren gerrak finantzatzeko zergak eta gatzaren prezioa igo zituztelako. Omenaldia San Antongo elizan egin dute, bertan sei matxino exekutatu zituztelako.
EH Bildu duela lau urte hasi zen Gatzaren Matxinada oroitzen. Astearte honetan, lore eskaintza bat eta aurresku bat eskaini dituzte, eta hauteskunde ekitaldia egin dute.
Juaristik hitzaldian adierazi duenez, "historiaren motorra" herriek subiranotasunaren eta eskubideen alde egindako borrokak dira.
Horren esanetan, 1631. urtetik 1634. urtera bizkaitarrak (nekazariak zein burgesak) matxinatu egin ziren, Espainiako Koroaren zerga igoeraren aurka, eta, horri esker, euren bizi-baldintzek okerrera ez joatea lortu zuten.
Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren Bilboko Udaleko bozeramaileak egungo egoera antzekoa dela esan du, krisia dela eta.
Zinegotzi abertzaleak EH Bilduren aldeko botoak "mobilizatzea" eskatu die militanteei, ordezkariak dituen erakunde guztietan "aldaketa" defendatzen duen hautagaitza bakarra baita.