Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
Ezker Anitzak Europan prozesu konstituziogilea abiatzea proposatu du
Koalizio ezkertiarrak "eredu sozial eta ekonomiko bidezko eta demokratiko bat blindatzea" nahi du.
Erredakzioa
Ezker Anitza-Iratzarrik Europan prozesu konstituziogile bat abiatzea proposatu du, Europar Batasunaren hegoaldeko herrialdeen menpekotasuna bukatzeko.
Koalizio ezkertiarrak ekitaldia egin du Bilbon, solasaldi formatuan, eta, bertan, Iñigo Martinez Zaton eta Lara Hernandez Europako hauteskundeetarako hautagaiak izan dira. Horien esanetan, krisiaren konponbidearen oinarria ezin dira izan "zorroztasuna eta prekarizazioa", eta irtenbide bakarra "Europar Batasunaren ereduaren aldaketa sakona egitea" dela gaineratu du.
Horren ildotik, Europan prozesu konstituziogilea abiatzea proposatuko dutela aurreratu dute, Konstituzio berria adostu eta horretan "eredu sozial eta ekonomiko bidezko eta demokratiko bat blindatzeko".
"Orain arte desindustrializazioa, deslokalizazioa, adreilua, hondartza, estatu periferikoa izatea eta Alemaniako esportazio ereduaren menpe egotea inposatu digute. Periferia zorpetua gara, eta zor hori ordaindu behar dugu nola edo hala. 2008. urtetik, Europaren politika guztiek zor horiek ordaintzea izan dute helburu, eta PPk eta PSOEk lankidetza osoa eman dute", ohartarazi dute.