Hauteskunde Orokorrak -
Hauteskunde orokorrak
Auzitegiek berretsi egin dute Falangea Araban aurkeztu ahal ez izatea
Irregulartasunak antzeman dizkiote, baita ustezko delitu bat ere abalen zerrendan.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizeko Administrazioarekiko Auzien bigarren salako titularrak berretsi egin du Arabako hauteskunde-batzorde probintzialak hartutako erabakia. Aipatu batzordeak ukatu egin zuen Falangearen hautagaitza aldarrikatzea, irregulartasunak antzeman baitzizkion, baita ustezko delitu bat ere abalen zerrendan, hilda zegoen pertsona baten babesa aurkeztu zuelako, besteak beste.
Epaian jasotzen denez, epaileak ez du onartu Falangeak hauteskunde-batzordearen ebazpenaren aurka (hauteskundeetan aritzea debekatzen diona) aurkeztutako errekurtsoa. Alderdi horrek argudiatu zuen ez zituela abal guztiak gainbegiratu.
Epailearen ebazpenak dio, sinaduren lehendabiziko 20 orrialdeak aztertu ostean, 92 kasutan abal-emaileak sinadura-orrian jarritako jaiotze-data ez datorrela bat hautesle-erroldan agertzen denarekin.
Horrez gain, sinadurak aurkezteko epea baino arinago hilda zegoen abal-emaile bat sartu dela, eta hauteskunde-batzordeko kide batek ezeztatu egin duela bere izenean aurkeztutako abala sinatu zuenik. Horrenbestez, Arabako hauteskunde-batzordeak dio "ez-zilegi penala egin denaren zantzuak" daudela.
Gauzak horrela, uste du ezin daitekeela abal guztiak aztertu ez direla zioen Falangearen argudioa onartu, zeren "aurkeztutako dokumentazioa faltsua dela adierazten duten zantzu oinarridunak" daude.