AEB-ko Hauteskundeak -
Presidentetzarako hautagaiak
Erabakigarriak diren estatuak bisitatu dituzte Obamak eta Romneyk
Kanpainiako azken egunetan zalantzatien botoaren bila ari dira AEBetako presidentziarako hautagaiak. Bitartean, 2,4 milioi herritarrek argindarrik gabe jarraitzen dute, 'Sandy' igaro ostean.
Erredakzioa
Barack Obama demokrata eta Mitt Romney errepublikanoa AEBetako presidentetzarako hautagaiak hauteskundeetan garaipena lortzeko erabakigarriak izan daitezkeen estatuetan bisita laburrak ari dira egiten.
Zalantzati diren estatuak Ohio, Wisconsin, Iowa, Virginia eta Nuevo Hampshire dira, ez baitute ohiko alderdi batekiko zaletasunik ezarrita. Bertako botoak lortuz gero, litekeena datorren azaroaren 6an Etxe Zuriko egoiliar berria izatea lortzea.
'Agindutakoa bete barik'
Barack Obamak adierazi duenez, Etxe Zurira heldu denetik, 5,5 milioi lanpostu sortu ditu, atzerriko petrolioarekiko menpekotasuna murriztu du, Irakeko gerra amaitu da, AEBetako tropak 2014an Afganistanetik aterako dira eta Al Kaida inoiz baino ahulago dago Osama Bin Laden talde terrorista honen burua hil zutenetik.
Romneyk, berriz, agindutakoa bete ez izana, defizita bikoiztea, "Obamacare" osasun planan zentratzea eta Kongresuan errepublikanoekin lan egin ez izana egotzi dio Obamari.
RealClearPolitics webguneak egindako inkestaren arabera, Obamak botoen gehiengoa lortu dezake Ohio, Colorado, Iowa, Nevada, Wisconsin eta Hampshire Berria estatuetan; Romneyk, berriz, Floridan, Virginian eta Ipar Karolinan.
'Sandy', kanpainako protagonista
"Sandy" urakanak protagonismo osoa izan du aste honetan. 100 hildako inguru utzi ditu AEBetan eta kalte handiak eragin ditu etxebizitzetan. Halaber, 15 estatuetako 2,4 milioi herritarrek argindarrik gabe daude oraindik ere, Washingtoneko hiria barne.
Agintarien lehentasuna argindarraren eta petrolioaren zerbitzua berrezartzea da, Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak azpimarratu duenez. Hala ere, herritarrek kezka adierazi dute, argindarra berrezartzeko konpainia elektrikoak berandu ari direlako. Bitartean, tenperaturak gero eta hotzagoak dira AEBetako ekialdean.
Karpa berezietan eta internet bidez bozkatu ahal izango da
Sandy ekaitzagatik kaltetutakoek internet bidez bozkatu ahal izango dute New Jerseyn eta New Yorkekoek karpa berezietan eman ahal izango dute boza astearteko hauteskundeetan parte hartzeko.
1.500.000 etxebitza eta enpresa elektrizitaterik gabe daude eta hautesleku asko urez gainezka daude oraindik, horregatik, New Yorkeko eta New Jerseyko agintariek erronka berria dute aurretik.
Parte hartzea gutxitzen bada, ziurrenik ez du emaitzetan eraginik izango, izan ere, bi estatuak demokraten esku egon ohi dira. Hala ere, Obamaren aldeko boto guztien kopuruan eragina izan dezake.
New Jerseyn, "Sandy"rengatik euren etxeetatik joan behar izan dutenek atzerritarrek bezala bozkatu ahal izatea erabaki dute, era honetan, fax edo posta elektroniko bitartez eman dezakete boza.