Kataluniako Hauteskundeak 2024 -

25-N

Mas: ‘Hurrengo presidentea ez da Espainiaren mende egongo”

Lehendakarigaiak hauteskundeen azken txanpara heldu dira, estatu egitura eta Artur Masek atzerrian ustez dituen kontu korronteez mintzatzen diren informazioak mahai gainean daudela.

Artur Mas, Ciuko hautagaia. Argazkia: Efe
Artur Mas, Ciuko hautagaia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Katalunia burujabea" eta estatu egitura dira mahai gainean dauden bi mintzagai nagusiak. Beraz, alderdiek antolatzen dituzten ekitaldietan, krisi ekonomikoa bigarren mailan geratu da.

Hedabide batzuek egindako inkesten arabera, CIU alderdiak ez du gehiengo absolutua lortuko. Gainera, ERC alderdia bigarren indarra izango da, galdeketetan ondorioztatu dutenez, PSCren eta PPCren aurretik; Oriol Junquerasen alderdiak 19 edo 20 eserleku lortuko ditu. Azkenik, Alderdi Sozialistak emaitza txarrak jasoko ditu; inkestek botererako lehiatik urrun utzi dute Pere Navarroren alderdia.

Alderdiak El Mundo egunkariak argitaratutako informazioaz ere mintzatu dira. Informazio horren arabera, Artur Masek eta Jordi Pujolek kontu korronteak dituzte hainbat zerga paradisutan. Lehendakarigaietako batzuek azalpenak eskatu dizkiote Masi, eta egunkariaren aurkako salaketa jarriko duela esan du horrek.

CIU

Gehiengo absolutua ez lortzekotan ere, Mas presidenteak ez du "prozesu independentista" alde batera utziko. Dena den, emaitza txar batek asmoak ahulduko lituzkeela aitortu du.

Lehendakarigaiak kritikei erantzun nahi izan die, eta segurutzat jo du hurrengo presidentea ez dela "Espainiaren mende" egongo.

Argitaratutako informazioari dagokionez, Masek "asmakizun hutsa" dela esan du, eta CIU alderdiaren izenean salaketa bat jarriko duela aurreratu du.

PSC

Pere Navarrok, PSC alderdiaren lehendakarigaiak, aitortu duenez, bere alderdia ez dago une politikorik onenean. Gainera, azkeneko inkesten emaitzek ez diote itxaropen handirik eman. Hala eta guztiz ere, ez duela amorerik emango adierazi du.

Navarroren esanetan, CIU eta PP "gauza bera" dira, "beti bat egiten dutelako". Alderdi Sozialistak egindako azken mitinetan, lehendakarigaiak Jose Antonio Griñan eta Carme Chaconen babesa jaso du.

Bestalde, argitaratutako informazioari buruzko azalpenak eskatu dizkio PSCko liderrak Masi, "egon litezkeen susmo guztiak desagerrarazteko".

PPC

Alicia Sánchez-Camacho Masen asmoen kontra agertu izan da beti: "Katalanek badaukagu estatu propioa, Espainia", esan berri du. PPC alderdiak antolatutako azkeneko mitinean, orain "erantzukizunez" jokatu behar dela eta jendea CIUren asmoek "bukaera onik" izango ez dutela konturatzen ari dela azpimarratu zuen lehendakarigaiak. Gainera, independentziaz eta horrelako kontuez arituta krisi ekonomikoari ihes egitea aurpegiratu dio Masi.

PPCko buruak, PSC alderdiak bezala, azalpenak eskatu dizkio Artur Mas presidenteari, argitaratutako informazioari buruz; "Suitzan konturik ez badu, azaldu dezala". Gainera, ez zuen independentzia prozesua kritikatzeko aukera galdu: "Inolako zigorrik ez jasotzeko nahi dute estatu propioa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea