eaeko autonomikoak
Hauteskunde-kanpaina
Patxi Lopez: 'Kalera atera eta inkestei buelta emango diegu'
Erredakzioa
Gainera, lehendakariak adierazi du hauteskunde-kanpaina "oso berezia" izango dela, ETAk armak utzi dituela eta. Alabaina, batasuna eskatu du "askatasunaren bidean aurrera egiten jarraitzeko".
Patxi Lopez lehendakariak Kongresurako eta Senaturako PSEren hautagaiak babestu ditu Donostian egin duten ekitaldi politikoak eta ondokoa adierazi du: "Kalera aterako gara eta inkestei buelta emango diegu".
Aipatu ekitaldian Odon Elorzak, Ramon Jaureguik eta Eduardo Madinak ere hartu dute parte, Kongresurako Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko zerrendaburuek, hurrenez hurren.
Lehendakariak esan du gaur hasi den hauteskunde-kanpaina "oso berezia" dela, 75 urte eta gero "frankismoaren totalitarismoaren edo ETAren terrorismoaren mehatxurik gabe gauzatuko delako".
Berezia dela esateko beste arrazoi batzuk ere badaudela erantsi du, besteak beste, "gauza asko jokoan daudelako", eta, ildo horretan, bi adibide aipatu ditu: "askatasunaren bidean urratsak ematen jarraitzea" eta "inoizko krisirik handienari aurre egitea".
Ezker abertzalearen integrazioa
ETA behin betiko desagertzeko, bakea, askatasuna eta elkarbizitza sendotzeko eta biktimen memoria gailentzeko, alderdi guztien arteko batasuna eskatu du.
"Orain arte demokraziaren aurka egon direnak demokrazian integratzeko ere" alderdi guztien batasuna eskatu du, ezker abertzaleari aipu eginez.
Helburu horiek guztiak aurrera eramateko "gobernuburua Rajoy edo Rubalcaba izatea" gauza bera ez dela azpimarratu du eta, era berean, alderdi abertzaleak ere kritikatu ditu, "euren obsesioak berriro jarri dituztelako mahai gainean".
Erabakitze-eskubideak edota subiranotasunak egungo arazoak konponduko ez dituztela adierazi du. "Guk behar duguna eraikuntza soziala da, inor albo batera utzi gabe krisiari aurre egin ahal izateko", erantsi du.
Krisi ekonomikoa
Patxi Lopezen hitzetan, PSOEren eta PPren ereduak "aurrez aurre ipinitakoak" dira. Lehendakariak PPkoena kritikatu du, "krisia aprobetxatzeagatik errentagarria izan daitekeen guztia pribatizatzeko", aldiz, sozialisten ereduak "zerbitzu publikoak mantentzearen eta hobetzearen" alde egiten duela adierazi du.
"Etorkizuna jokatzen ari gara. Ez da gauza bera Rubalcaba ala Rajoy, ez Espainiarentzat ezta Euskadirentzat ere", nabarmendu du.