X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Ia 5 milioi langabe

Egibar: 'Espainiak ekonomia koma egoeran dauka'

Joseba Egibar EAJko burukidearen ustez gainera, Espainiak langabeziaren datuak Irlanda eta Portugalen moduko "esku hartutako ekonomiekin konpartitzeko zalantzazko ohorea" dauka

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJko burukideak gaur esan du Espainiak ekonomia "koma egoeran" daukala eta gainera, langabeziaren datuak "dagoeneko esku hartutako" ekonomiekin, Irlanda eta Portugal kasu, konpartitzeko "zalantzazko ohorea" daukala.

Egibarrek Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin batera Errenterian egin duen hauteskunde ekitaldian azpimarratu du "guztiz desorekatua eta artifiziala den hazkunde ekonomikoaren erakusle" dela gaur egun bizi dugun egoera.

Bestalde, Euskadiko langabezia tasak baxuagoak direla eta, Patxi Lopezen aurreko taldeek aurrera eramandako politiken ondorio direla esan du Joseba Egibarrek. "Lehenengo Eusko jaurlaritzatik, diputazioen eta udalen laguntzarekin hazkunde ekonomiko orekatuaren eta naturalaren alde egin zuten, industrian oinarrituta, hori baita herrialde bateko garapen ekonomikoaren ardatza", gaineratu du jeltzaleak.

"Langabeziaren datu hauek ez dute kontsolatzeko balio behar, zifra altua delako eta objektiboki okerragoa den errealitatea daukagu hegoaldean, Estatu espainiarra deitzen zaion horretan, bere ekonomia koma egoera dauka eta ez dakit hortik ateratzerik izango ote duen. Baina hori bai, PSOEko eta PPko buruzagiak ez dira ados jartzen egoerari aurre egiterako orduan" azpimarratu du Egibarrek.

Gipuzkoako EAJren presidentearentzat "krisia estrukturala da eta ez da urte batetik bestera konponduko", ezta "jendeari lana emateko dirua banatuta" ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea