X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Gorenaren erabakia
EAJk eta Zapaterok 'elkarri tartea ematea' erabaki dute
Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez, bilerak egin dituzte Urkulluk, Zapaterok eta Rubalcabak, Auzitegi Gorenaren erabakia aztertzeko.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Bilduren inguruan hartu zuen erabakiari buruz aritu dira gaur Iñigo Urkullu EAJko presidentea, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroa eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea. Josu Erkoreka EAJko Kongresuko bozeramaileak azaldu duenez, etorkizunari begira "tarte bat" ematea erabaki dute.
Kongresuko Bozeramaileen Batzordearen ondoren eman ditu azalpenak Erkorekak. Atzo, Iñigo Urkullu jeltzaleen presidenteak iragarri zuen EAJk babesa eta elkarlana eten" egin zuela Zapateroren Gobernuarekin. Gaur ordea, Zapaterorekin eta Rubalcabarekin bilera egin dute jeltzaleek.
"Elkarri tarte bat ematea adostu dugu bilera horretan, zer gertatzen den itxaron behar dugu, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari itxarotea nahiago dugu; hortik aurrera, sintonia berreskuratzeko elkarrizketei helduko diegu", azaldu du kazetarien aurrean.
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak esan du Espainiako Gobernuak ez duela EAJrekin "elkarrizketa" eten nahi, elkarlana "areagotu baizik".
Bildu koalizioaren legezkotasunaren inguruan jarrera ezberdinak dituztela onartu du Rubalcabak, eta bai Espainiako Gobernuak eta baita EAJk ere ezberdinatasun horiek "aurretik ezagutzen" zituztela gaineratu du.
Rubalcabaren ustez, iritzi ezberdinak izatea "normala da", batez ere gai honetan. "Ez da gai erreza izango, Gorenaren baitan ere jarrera ezberdinak izan direnean", bukatu du.