X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Bilduren zerrendak, baliogabe
Bilduk helegitea aurkeztu du Konstituzio Auzitegian
16:00ak aldera, Gorenaren epaiaren aurkako helegitea aurkeztu dute Bilduko ordezkariek. Konstituzionalak ostegun gauerdira arte izango du epea bere erabakia hartzeko.
Erredakzioa
Bilduren zerrendak baliogabetu dituen Auzitegi Gorenaren epaiaren kontrako babes eskeko helegitea aurkeztu du koalizioak, 16:00ak aldera, Konstituzio Auzitegian. Bilduk asteazken honetako gauerdira arte zuen errekurtsoa aurkezteko epea.
Horrela, Konstituzio Auzitegiak egun bakarra izango du bere erabakia hartzeko, hauteskunde kanpaina hasi baino lehen egin behar duelako, hau da, ostegun gauerditik ostiralera doan tartea baino lehen.
Hainbat eskubide urratzen dira
Aurkeztu duen helegitean, Auzitegi Gorenaren epaiak hainbat eskubide urratu egiten dituela nabarmendu du koalizioak: gai publikoetan parte hartzeko eskubidea, baldintza berdinetan ordezkaritzak lortzeko eskubidea eta ideologia eta adierazpen askatasunak. Horrez gain, independenteen eskubideak urratzeaz gain, "legezkoak diren bi alderdi politikoen eskubideak ere" urratu egiten dituela azpimarratu du.
Inpugnatutako erabaki judizialak Espainiako Konstituzioaren 23,1. eta 2. atalak urratzen dituela uste du Bilduk, baita 16., 20.1. eta 22. artikuluak ere. Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 10 eta 11. artikuluak urratu egiten direla gaineratu du koalizioak. Koalizioan parte hartzen duten eta "legezkoak diren" bi alderdiei bizitza politikoan parte hartzeko eskubidea ukatu egin zaiela nabarmendu du Bilduk. Alderdi horiei bozka eman nahi dieten pertsonen eskubideak ere urratzen direla dio helegiteak.
Ideologia askatasunaren aurkako erabakia dela berretsi du Bilduk aipatu testuan. Auzitegi Gorenaren erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan izango dituen "ondorio sozialak" goraipatu ditu, orotara 257 zerrendei eta 3.500 hautagairi eragiten dielako.
Konstituzionalaren Bigarren Salak hartuko du erabakia
Iturri judizialek jakitera eman dutenez, Konstituzio Auzitegiak bihar 10:00ak baino lehenago euren alegazioak bidali ditzatela eskatu die Estatuko Abokatutzari eta Fiskaltzari
Printzipioz, Konstituzionalaren Bigarren Salaren ardura izango da honen inguruan erabakitzea. Sala honek banaketa ideologiko handia du: izan ere, hiru magistratu "aurrerakoiakoak" dira eta gainontzeko hiru "kontserbadoreak".
Baliteke Konstituzio Auzitegia gaur bertan biltzea, helegitea onartzeko eta Fiskaltzara eta Estatuko Abokatutzara hura bidaltzeko, hauek alegazioak aurkeztu ditzaten.
EAJko buruzagiekin bildu dira
Helegitea aurkeztu aurretik, Bilduko ordezkariak EAJko zuzendaritzarekin batzartu dira. Bileraren helburua alderdi jeltzalearen babesa eskatzea izan da, eta ostegunean eta ostiralean izango diren kale-agerraldietan parte hartzea eskatzea.
EAJko Bilboko egoitzan izandako hitzorduan, Pello Urizar EAko idazkari orokorra, Oskar Matute Alternatibako bozermailea, Martin Garitano Gipuzkoako independentea (Bilduren partetik), Iñigo Urkullu EAJko buruzagia eta Belen Greaves eta Joseba Aurrekoetxea EAJko zuzendaritza nazionaleko kideak izan dira bertan.
Arabako talde batek helegitea aurkeztu du dagoeneko
Bestalde, Zalduondoko (Araba) Hautagai-Zerrenda Independenteak Konstituzio Auzitegian aurkeztu du helegitea dagoeneko. Auzitegi Gorenak baliogabetu dituen zerrenden artean, errekurtsoa aurkezten lehenengoa izan da Zalduondokoa.