X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Maiatzeko hauteskundeak

PPk eta PSOEk ekin diote kanpainari, hauteskunde orokorrei begira

Jose Blancok "Gürtel" auzia eta "Gallardonek dirua xahutzen" duela gogorarazi du PPri eraso egiteko, eta Rajoyk sozialistek Espainiako ekonomiari ez diotela "ekarpenik egingo" azpimarratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde kanpaina hasi da eta Estatuko alderdi nagusiek egurrean ekin diote maiatzaren 22a helburu duten ekitaldiei, baina hauteskunde orokorretan begi bat jarrita.

Jose Blanco PSOEren idazkariorde nagusia izan da protagonista sozialisten kanpaina hasieran eta sozialistentzako botoa eskatu du PPren "Gürtel" auzia eta "Gallardonek dirua xahutzen" duela gogorarazita. Gainera, matxismoa, arrazakeria eta homofobia sustatzen dituen alderdia dela salatu du.

Blanco Madrilgo Callao plazan izan da PSOEren kanpaina ofizialki irekitzen eta Tomas Gomez Madrilgo Erkidegoko hautagaiari eta Jaime Lissavetzky hiriko alkategaiari eman die babesa bertan.

Blancok argi adierazi nahi izan du Mariano Rajoyren "irainek" sozialistengan ez dutela eraginik. "Alderdi Popularraren gezurrek eta eskuindarren gorrotoak motibatu egiten gaitu eta gure lanaz gozatzen dugu horri esker", gaineratu du.

Kanpainaren lehenengo minutuetan, Blancok jarraitzaileak animatu nahi izan ditu esfortzua egin dezaten eta hauteskunde eguna iritsi arte botoak gehitzeko lanean jarrai dezaten. "Boto bakoitza da erabakiagarria", izan ere: "Egunero, orduro eta minuturo botoak batzeko lanean eutsiko dugu".

"Ez da garapen bera izan Extremaduran eta Gaztela Mantxan eta Gürtelen gobernuetan edo Gallardonek diru xahutzen duenean", adierazi du PSOEren bigarrenak.

PP

Mariano Rajoy PPren idazkari nagusiak, bere aldetik, bere alderdiarengan konfiantza dutenei botoa eskatuz ekin dio hauteskunde-kanpainari eta PSOEk ez duela "boto-emaileen eskuzabaltasuna merezi" esan du.

"Betidanik Alderdi Popularrari babesa eman diotenei deitzen diet, baina baita zilegitasun osoz beste alderdi batzuei botoa eman dietenei ere", adierazi du Rajoyk Sevillan kanpainari hasiera emateko ekitaldian, Juan Ignacio Zoido bertako alkategaiari babesa emateko ekitaldian.

Rajoyren arabera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak eta "bere lagunek" krisia nola kudeatu duten kontuan hartuz gero, "eskuzabalegia" izan behar da PSOErengan "konfiantza" izateko.

IU

Gaspar Llamazares IUren Kongresuko bozeramailea izan da alderdiaren kanpaina hasieran parte hartu duen buruzagia eta dituzten alkatetzez gain, beste batzuetan duten ordezkaritza indartu egingo dutela aldarrikatu du.

Guadalajaran izan da ekitaldi hori eta "galtzeko beldurrik ez" dutela azpimarratu du, herritarren ondoan egon delako PPren eta PSOEren murrizketak izan direnean, eta herritarrek konfiantza horri erantzungo diotela uste du.

Hurrengo hauteskundeetan IU udaletako eta erkidegoetako gobernu eta oposizio lanetan aritzeko indartuta aterako dela aurreikusi du Llamazaresek.

Bestalde, CISen inkesta "alderdibitasunaren estrategia"ren baitan kokatu du, PP "poztu" duelako "Moncloaren atarian jarriz""eta PSOE ere gustura uzten duelako "PPren mehatxuaren aurrean hautesleria mobilizatuko" delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea