X-eleccionesmunicipalesforales-X -
M-22ko hauteskundeak
Aralarrek aitortu du emaitzak ez direla 'positiboak'
Jon Abrilen hitzetan, orain "hausnarketa" egin behar dute, eta "umiltasunetik abiatuta ezker abertzale anitz baten aldeko eraikuntzan lan egiten jarraitu".
Erredakzioa
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak aitortu egin du hauteskundeen emaitzak ez direla "positiboak" izan bere alderdiarentzat, "boto bakar batengatik" ez baititu mantendu Gipuzkoan zituen bi batzarkideak, eta Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietan ere ordezkaritza gabe geratu baita.
Abrilek agerraldia egin du Donostiako hotel batean, Aintzane Ezenarro bozeramailearekin eta hainbat hautagairekin batera, botoen zenbaketa % 100ean bukatuta zegoenean.
Buruzagi abertzaleak esan du "azken minutua arte" itxaron nahi izan dutela kazetarien aurrean agertzeko, "azken hasperena arte" Gipuzkoako batzarkideei eusteko zorian izan baitira. Azkenean, bietako bat galdu dute "boto bakar batengatik".
Jon Abrilen hitzetan, orain "hausnarketa" egin behar dute, eta "umiltasunetik abiatuta ezker abertzale anitz baten aldeko eraikuntzan lan egiten jarraitu".
EAJri eta Bilduri lortutako "emaitza bikainengatik" zoriondu ostean, Aralarren buruzagiak azpimarratu du hauteskundeak "norlmatasunez" igaro direla eta, ondorioz, "demokrazia" izan dela garailea.
Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete Aralar hautatu duten "milaka herritarrei", Udaletan "ordezkaritza zabala" mantentzea ahalbidetuko duelako. Gainera, Elgetako Alkatetzari eutsiko dio Aralarrek, boto bakar bategatik, baina Aretxabaletakoa galduko du. Albizturren ere alderdi bozkatuena izatea lortu du.
Aralarrek Donostiako Udalean zuen ordezkari bakarra galdu du. Ainhoa Beola zinegotzia, gainera, udal-gobernuko kide zen PSE-EErekin eta Alternatibarekin batera.