cerrar buscador

Zientzia eta teknologia. Dibulgazioa eta ekitaldiak zuzenean - EITB

Kosmos

08:42

Kosmos

Zientzia-jaialdia Donostia

Zazpi Nobel saridun, Passion for Knowledge jaialdian

Donostia International Physics Centerrek Passion for Knowledge (P4K) jaialdia antolatu du larunbatera arte. Hitzaldi nagusiak eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango dira.

  • Pedro Miguel Etxenike eta Ricardo Díez Muiño

    Pedro Miguel Etxenike eta Ricardo Díez Muiño

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Donostia zientziaren Europako hiriburu bihurtuko da zenbait egunez. Donostia International Physics Centerrek antolatuta, Passion for Knowledge (P4K) zientzia jaialdia egingo da gaur hasi eta larunbatera arte Gipuzkoako hiriburuan. Laugarren edizio honetan, zazpi Nobel saridunek eta mundu mailako zenbait ikertzailek parte hartuko dute hizlari gisa. Zientzia dibulgazioaren jaialdiaren egoitza nagusia Donostia izango bada ere, hainbat jarduera antolatu dituzte Bilbon, Bergaran eta Iruñean.

Diziplina zientifiko ezberdinetako nazioarteko hainbat Nobel saridunen eta ospetsuen eskutik, bertaratutakoek astrofisika, kosmologia, fisika kuantikoa, botanika, biomaterial adimendunak edo paleoantropologia gaiak ezagutzeko aukera izango dute.

Gonbidatuen artean daude, esaterako, pulsarra aurkitu zuen Jocelyn Bell Burner zientzialaria; Barry Barish grabitazio uhinen astrofisikaria (Fisikako Nobel Saria, 2017); Jean-Pierre Sauvage makina molekularren diseinatzailea (Kimikako Nobel Saria, 2016); Maria Martinon-Torres paleoantropologoa eta Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalaren (CENIEH) zuzendaria; eta Serge Haroche fisika kuantikoan aditua (Fisikako Nobel Saria, 2012), besteak beste.

2019an Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea ospatzen da, eta Passion for Knowledge (P4K) jaialdiak omendu egingo du osagaietako bat: wolframa (W), 1786an Elhuyar anaiek lehen aldiz Bergaran isolatu zuten elementua.

Victoria Eugenia Antzokian, Bertso Passion ekimenaz gozatzeko aukera ere izango da, non zientzialarien aparteko begirada Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Iñaki Murua bertsolarien errima kantatuen edertasuna eta asmamena uztartuko diren, eta dagoeneko oso ezagunak diren Naukas Passion saioak, Espainiako dibulgatzaile ezagunenen parte hartzearekin.

Halaber, Creativium argazki-erakusketa inauguratuko da jaialdiaren baitan: gizabanakoaren sormenari eta bere alderdi ezberdinei buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko gaituen diziplinarteko proiektua. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen eta Nobel saridunen zein punta-puntako zientzialarien arteko Topaketak antolatu dira laugarren edizio honetan ere, Donostian eta Bilbon. Topaketa horietan Euskal Herriko 100 ikastetxek parte hartuko dute gutxi gorabehera.

Gainera, larunbat goizean Passion Txiki izango da Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan. Gazteentzako zientzia-jaialdi txiki horrek hainbat jarduera zientifiko dibertigarri bilduko ditu: esperimentu tailerrak, ipuin-kontalari zientifikoak, jolasak, eta abar.

Bestalde, zientzia zabaltzea gero eta garrantzitsuagoa dela iritzita, P4Kren edizio honek dibulgazioaren arloan trebatzeko jarduerak antolatu ditu komunitate zientifikoko gazteenentzat: doktorego ikasleen trebakuntza. Halaber, nazioarteko zientzialari gazteei zuzenduriko udako nazioarteko eskola bat ere izango da: Dynapeutics.

Antolatzaileek berariaz eman dizkiete eskerrak jaialdia diruz lagundu duten erakundeei: "Passion for Knowledge 2019 antolatu ahal izan dugu DIPCko patronoen etengabeko laguntzari esker (Eusko Jaurlaritza –Hezkuntza Saila eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila–, Gipuzkoako Foru Aldundia, UPV/EHU, Donostiako Udala, Kutxa, Telefónica, EDP eta CAF); halaber, berariazko finantziazioa jaso dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik, bere BERC programaren bidez. Bestalde, jaialdiak dirulaguntza jaso du Zientzia eta Teknologiaren Espainiako FECYT Fundaziotik –Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa–, eta CFM eta CIC nanoGUNE ikerketa-zentroen elkarlan berezia izan du".

DIPCko zuzendari Ricardo Diez Muiñoren esanetan, "Passion for Knowledge munduko zientzia dibulgazio jaialdi onenetakoa da, eta ez dira gure hitzak horiek, edizio honetako gonbidatuetako batek, William Friedman Harvard Unibertsitateko Lorategi Botanikoaren zuzendariak, esandakoak baizik".

Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko zuzendariak, ostera, Andre Brahic astronomo frantziarraren hitzak ekarri zituen gogora jaialdiaren aurkezpen ekitaldian: "Ideia zientifikoen historia eskola bikaina da ezagutzarekiko pasioaren zerbitzura dauden ezaugarri nagusiak lantzeko: zalantzak, apaltasuna, zorroztasuna, zintzotasuna eta espiritu kritikoa".

Jaialdian antolatutako ekitaldi guztiak doakoak izango dira. Edukiak gaztelaniara, ingelesera eta euskarara itzultzeko interpretazio-zerbitzua izango da entzuleen eskura, eta hitzaldi nagusiak zuzenean emango dira streaming bidez, jaialdiaren web-orrian eta EiTB Cosmosen. Passion for Knowledge (P4K) 2019n parte hartzeko, jaialdiaren webgunean izena ematea eta lekua gordetzea gomendatzen da: p4k.dipc.org

Iruzkinak

  • Zientziateka Hitzaldi guztiak Zientziateka