Itxi

Herriak eta Hiriak

Epaia

100.000 euroko isuna jarri diete hiru laguni 25 zaldi hiltzen uzteagatik

Agentziak | Erredakzioa

Epaileak, bestalde, hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri die animaliei tratu txarrak emateagatik. 2014an gertatu zen, Okondoko klub hipiko batean.

  • Zaldien egoeraren artxiboko argazkia. Iturria: APA SOS Bilbao.

    Zaldien egoeraren artxiboko argazkia. Iturria: APA SOS Bilbao.

Gasteizko Zigor-arloko 2. epaitegiak hamar hilabeteko kartzela zigorra eta 100.000 euroko isuna ezarri die lau akusatuetako hiruri, 25 zaldi hiltzen uzteagatik.

2014an gertatu zen, Okondoko (Araba) Cobar klub hipikoan eta Gueñesko (Bizkaia) eta Gordexolako (Bizkaia) bi lursailetan.

Hasiera batean, Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen animaliei tratu txarrak emateagatik, 50 zaldi zaindu barik eta 25 hilik aurkitu baizituzten.

Beste hainbat animalia ere egoera txarrean aurkitu zituzten hiru lursail horietan; besteak beste, hiru asto, sei txakur, txerri vietnamdar bat, bi ahate eta oilo bat.

Astearte honetan egindako epaiketan, lau akusatuen abokatuek eta Fiskaltzak akordioa adostu dute, eta epaileak ontzat eman du.

Ildo horretan, epaileak absolbitu egin du akusatuetako bat, eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri die beste hiruri, animaliei tratu txarrak emateagatik; hala ere, ez dute espetxean sartu beharko.

Bestalde, bi urte eta egun batez animaliekin lan egiteko edo salerosketak egiteko debekua ezarri die.