Itxi

Herriak eta Hiriak

Bizhiri proiektua

Donostiako Udalak sistema berritzaile bat aurkeztu du bizikletak lapurtzea ekiditeko

EITB.EUS

Donostiako Udalak eta Ceit-IK4 eta Luma enpresek Bizhiri aurkeztu dute, Bluetooth teknologia duen giltzarrapo batez eta GPS bidez bizikleta lokalizatuta izateko sistema.

  • Bluetooth teknologiaz hornituta dagoen giltzarrapo bat jarriko zaie. Argazkia: Donostiako Udala

    Bluetooth teknologiaz hornituta dagoen giltzarrapo bat jarriko zaie. Argazkia: Donostiako Udala

Donostiako Udalak Bizhiri aurkeztu du, bizikleta lapurreten aurkako proiektu aitzindaria. Bluetooth teknologiaz hornituta dagoen giltzarrapo finko bat jarriko zaie proiektu horretan parte hartzen duten bizikletei, une oro lokalizatuta izateko. Lehen fasean, hiriburuko 300 bizikletarik izango dute sistema berri hau probatzeko aukera.

Bluetooth bidez, bizikleta hirian jarritako transmisoreei konektatuta egongo da eta espazio hori segurtasun eremu bihurtuko du. Smartphone edo telefono adimendunentzako aplikazio baten bitartez erregistratuko da bizikleta sisteman.

Giltzarrapoaren konexioa eta mugikorreko GPS sistema baliatuz kokatu ahalko da bizikleta mapan. Hirian, gainera, beste gailu batzuk jarriko dira, horietatik gertu dauden bizikletak mapan jartzeko.

Bi faktore horiek konbinatuta, eta bizikleta telefono adimendunentzako aplikazioan erregistratuta, sistema hau irtenbide eraginkorra izango da bizikletak ez lapurtzeko, eta, lapurtuz gero, aurkitzeko laguntzeko.

Bizhiri proiektuak bizikleta lapurreten aurka irtenbide merke bat garatzea du helburu, eta, horri balio handiagoa emateko, beste hainbat zerbitzu eskainiko ditu: bizikletaren kokapena jakinaraziko du, horren jarraipena egingo du, lapurretaren berri emango du, sistema mantentzeko lanaz arduratuko da eta abar. Halaber, aplikazio horren bidez, erabiltzaileak beste bizikleta batzuk lokalizatzen lagundu ahalko du.

Sistema hau ezarri ahal izateko, Donostiako Kalapie bizikletazale elkartearen eta Tecnum Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolaren laguntza izango dute. Donostiako Udaleko Mugikortasun Atalak, Ceit-IK4 zentro teknologikoak, eta Dinycon (sistemak integratzeko ingeniaritza, pertsonen eta ibilgailuen mugikortasuna optimizatzeko irtenbideak garatzen ditu) eta Luma enpresek proba pilotu bat egingo dute, eta ondoren, emaitzak aztertutakoan, ekingo diote giltzarrapoa herritarren artean banatzeari.

Hasierako fasean, 300 bizikletarik parte hartu ahalko dute proiektu honetan, dohainik. Horretan interesa dutenek, baina, martxoaren 31 baino lehen eman beharko dute izena bizhiri.luma.es orrialdean.