Itxi

Herriak eta Hiriak

Abuztuaren 11n

Iruñeko Planetarioak Artaxoa ingurua aukeratu du pertseidak ikusteko

AGENTZIAK

Abuztuaren 11tik 12ra doan gauean ikusi ahal izango dira pertseidak, 22:00etatik aurrera eta doan. Bertara joateko, lau autobus aterako dira Nafarroako hiriburuko Planetariotik.

  • Pertseidak

    Pertseidak

Iruñeko Planetarioak Artaxoa ingurua proposatu du aurten pertseiden ozar-izarra ikusteko, gauean zerua begiztatzeko toki aproposa dela iritzita.

Abuztuaren 11 ilberria denez, "baldintza ezinhobeak izango dira zerura begiratzeko, eta horrek erraztu egingo du ozar-izarra ikustea", adierazi du Javier Armentia Planetarioko arduradunak prentsaurreko batean.

Ildo horretan, argi guztiak itzaltzeko deia egin dio Planetarioak Artaxoako Udalari, bertara doazenek pertseidak argiago ikus ditzaten. Esan bezala, abuztuaren 11tik 12ra doan gauean izango dira pertseidak, 22:00etatik aurrera.

Artaxoara iristeko, Iruñeko Planetariotik lau autobus aterako dira, 20:30 aldera. Gauerdian leku berera itzuliko dira autobusak.

Aurreko urteetan Arbaiungo arroilan antolatu izan dituzte ozar-izarra ikusteko ekintzak. "Iaz, adibidez, 1.000 lagun inguru bildu ziren han", azaldu du Armentiak.

Aurten ere, egitarau zabala prestatuko dute abuztuaren 11rako, pertseiden nondik norakoak ezagutarazteko eta izarrei buruzko informazio interesgarria zabaltzeko.