Herriak eta Hiriak
Aurkezpena
Gabonetako merkatuak Donostiako erdialdea hartuko du apaingarri berriekin
Agentziak | Erredakzioa
“Eguraldi txarreko egunetan noria itxita” egongo dela azaldu du Gascok. Helburua “noria otsailaren 15era arte zabalik mantentzea da”, gaineratu du alkateordeak.
-
Royal Bavaria Wheel noria, Alderdi Ederren. Argazkia: EFE
50 metro garaierako noria bat Donostiako Gabonetako Merkatuaren berritasun nagusia izango da. 36 kabina ditu, eta Alderdi Ederren egongo da. Merkatuak Gipuzkoako hiriburuaren erdialdea hartuko du apaingarri eta atrakzio berriekin.
Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak, Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasun diputatuak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak Gabonetako merkatua aurkeztu dute gaur, karpa batean, kalean. Ekimen, gune eta jarduera ezberdinak izango dira hiriaren erdialdean.
Gabonetako merkatuaren “protagonista nagusia” Royal Bavaria Wheel noria izango da aurten. 216 pertsonak aldi berean gozatzeko aukera izango dute. Gainera, doako lera pista bat izango da Garcia Lorca pasealekuan, zaldiko-maldikoak Santa Katalina plazan eta Artzai Onaren plazan, elur-pilota formako agertoki bat Urumea pasealekuan argazkiak atera ahal izateko, eta tren bat Araba parkean.
“Eguraldi txarreko egunetan noria itxita” egongo dela azaldu du Gascok. Helburua “atrakzioa otsailaren 15era arte zabalik mantentzea da, geroko jaietan oinezkoek gozatzeko aukera izan dezaten”, erantsi du alkateordeak.
Bestalde, Urumea pasealekuak Gabonetako merkatua hartuko du. 38 saltoki izango ditu, eta produktu gastronomikoak eta apaingarriak egongo dira. Artzai Onaren plazan bertako gozogileek izango dute tokia eta Urdanetan, Lur Kolektiboaren Artisautza azoka egongo da.
Merkatua zabaldu eta Gabonetako argiak datorren larunbatean piztuko dituzte, 19:00etan. Adimen-desgaitasunen bat duten pertsonen aldeko Atzegi elkarteko umeek eta Xavi Prieto Realeko kapitain ohiak hiriko argiak pizteko botoia sakatuko dute.
Ondoren, Orfeoi Txikik Gabonetako musika joko du. Amaitzeko, su artifizialak jaurtiko dituzte Urumea ibaian dagoen plataforma batetik.
Aurreko urteetan bezalaxe, erakusleihoak hobeto apaindu dituzten dendak sarituko ditu hiriak. Ostalaritza lokalak ere lehiatuko dira aurten.