eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

X-3 ene kantak-X

X-3 ene kantak-X

3 Ene Kantak

FesTVal

"3 Ene Kantak"ek denboraldi berria aurkeztu du Gasteizen

EiTB

Haurrei zuzendutako saioa ETB3 telebista katean eta eitb.eus-en izango da ikusgai gaurtik aurrera.

0:49
FesTVal jaialdia. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

"3 Ene Kantak" saioaren bigarren denboraldia aurkezteko emanaldia eskaini zuten, irailaren 1ean, Ene Kantak taldeko kideek Gasteizen. FesTVal telebista jaialdiaren barruan egin zuten, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.

"3 Ene Kantak" saioa haurrei zuzendutako ETB3 telebista katean eta eitb.eus-en izango da ikusgai gaurtik aurrera. Abestiak, dantzak eta esketxak, bideoklipak, buruhandi eta erraldoiak, eskulanak eta sorpresa ugari ekarriko ditu Ene Kantak taldeak aurtengo ikasturtean ere.

Udako oporrak amaituta, irailaren 7an, indarberrituta itzuliko da "3 Ene Kantak" haurrentzako saioa. Urbi, Eneko eta Nerea, Astonauta eta Satorjator lagunekin batera, etxera bueltatu dira. Gure familia honek abesten eta dantzatzen ematen du egun osoa, eta musika talde bat sortzeko ideia bururatu zaie. Taldearen izenaren bila eta abestiak egiteko antolatu beharko dira. Urbik, beti bezala, bere asmakizun batekin beraien helburua erraztuko die. Zer asmatu du oraingoan? 

Denboraldi honetan, lagun berriak, umorea barra-barra, giro aparta eta musika ugari izango ditugu. Dantzateka, Atxa Mitxa, Tokikliki, Margolanak eta Erraldoien Txokoa ataletan, berrikuntza eta sorpresa ugari ekarriko dizkigute. Zorionak atal arrakastatsuarekin jarraituko dute oraingoan ere, urteak bete dituzten Hiru3 klubeko kide gaztetxoek euren argazkiak telebistan ikusteko aukera izan dezaten. 

Gainera, astero-astero, Ikusi eta ikasi atal berrian, ekologia, natura, genero-berdintasuna, adiskidantza, elikadura eta denetariko gai interesgarriekin lotutako ezagutzak azalduko dizkigute. 

Bestalde, herri eta hiri ezberdinetako eskolak bisitatzeaz gain, Lorez Lore izeneko tarte berria ere izango dugu aurten; Euskal Herriko hainbat naturgune eta txoko bisitatuko dituzte saioko pertsonaiek eta hango bitxikeriak kontatuko dizkigute. Lehen astean, esaterako, Bidasoa aldean ibiliko dira.

Hori guztia, hilaren 7tik aurrera izango da ikusgai, 08:15ean eta 20:30ean, ETB3n eta eitb.eus-en. Ez galdu!

Eduki guztiak online

Saioko eduki guztiak "3 Ene Kantak" saioaren webgunean nahiz HIRU3 aplikazioan izango dira ikusgai, telebistan eskaini bezain laster, eta HIRU3 aplikazioan telebistan eman ez diren eduki esklusiboak egongo dira. Gainera, saioa osorik ikusteko aukera izango da, bai aplikazioan, bai Nahieran atarian.

Atal horiek eitb3 Youtube kanalean ere ikus daitezke. Harpidetu zaitez eitb3 kanalean, eta aireratutako azken bideoen berri izango duzu bertan, bideoak igo eta berehala.