eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

X-3 ene kantak-X

X-3 ene kantak-X

3 Ene Kantak

Denboraldi berria

"3 Ene Kantak" itzuli da ETB3ra

EiTB

Haurrei zuzendutako saioa bi tartetan izango da ikusgai, 08:15ean eta 20:30ean, ETB3 telebista katean eta eitb.eus-en.

0:29
'3 Ene Kantak'

"3 Ene Kantak" saioa irailaren 7an itzuli da eraberrituta ETB3ko programaziora. Haurrei zuzendutako programa bi tartetan izango da ikusgai, 08:15ean eta 20:30ean hasita. Abestiak, dantzak eta esketxak, bideoklipak, buruhandi eta erraldoiak, eta eskulanak eta sorpresa ugari ekarriko ditu Ene Kantak taldeak aurtengo ikasturtean ere.

Udako oporrak amaituta, indarberrituta itzuli da "3 Ene Kantak" haurrentzako saioa. Urbi, Eneko eta Nerea, Astonauta eta Satorjator lagunekin batera, etxera bueltatu dira. Gure familia honek abesten eta dantzatzen ematen du egun osoa, eta musika talde bat sortzea bururatu zaie. Taldearen izena hautatzeko eta abestiak egiteko antolatu beharra izango dute. Urbik, beti bezala, helburua erraztuko die bere asmakizun batekin. Zer asmatu du oraingoan? 

Denboraldi honetan, lagun berriak, umorea barra-barra, giro aparta eta musika ugari izango ditugu. Dantzateka, Atxa Mitxa, Tokikliki, Margolanak eta Erraldoien Txokoa ataletan berrikuntza eta sorpresa ugari ekarriko dizkigute. Zorionak atal arrakastatsuarekin jarraituko dute oraingoan ere; urteak betetzen dituzten Hiru3 klubeko bazkide gaztetxoek euren argazkiak telebistan ikusteko aukera izango dute. 

Gainera, astero-astero, Ikusi eta ikasi atal berrian, ekologia, natura, genero-berdintasuna, adiskidantza, elikadura eta denetariko gai interesgarriekin lotutako ezagutzak azalduko dizkigute. 

Bestalde, herri eta hiri ezberdinetako eskolak bisitatzeaz gain, Lorez Lore izeneko tarte berria ere izango dugu aurten; Euskal Herriko hainbat naturgune eta txoko bisitatuko dituzte saioko pertsonaiek eta hango bitxikeriak kontatuko dizkigute. Lehen astean, esaterako, Bidasoa aldean ibiliko dira.

Hori guztia astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 08:15ean eta 20:30ean, ETB3n eta eitb.eus-en. Ez galdu!

Eduki guztiak online

Saioko eduki guztiak "3 Ene Kantak"-en webgunean nahiz HIRU3 aplikazioan izango dira ikusgai, telebistan eskaini bezain laster, eta HIRU3 aplikazioan telebistan eman ez diren eduki esklusiboak egongo dira. Gainera, saioa osorik ikusteko aukera izango da, bai aplikazioan, bai Nahieran atarian.

Atal horiek eitb3 Youtube kanalean ere ikus daitezke. Harpidetu zaitez eitb3 kanalean, eta aireratutako azken bideoen berri izango duzu bertan, bideoak igo eta berehala.