eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3txulo

3txulo

3txulo

19:30ean

'3txulo Zuzenean', astelehenetik ostiralera, ETB3n

A.E. | EiTB

Xbelek eta Gorritxok gidatuko dute saioa eta 19:30etik 20:30era eskainiko da.

1:21

'3txulo Zuzenean' saioa izango da ikusgai ETB3n astelehenetik ostiralera. Xbel (Zuriñe Hidalgo) eta Gorritxo pertsonaiek gidatuko dute, eta 19:30etik 20:30era eskainiko da zuzenean. Horrez gain, orain arte bezala, goizean eta eguerdian ere '3txulo' saioa izango da ikusgai.

3txulotarren asmoa, kezka eta helburua Euskal Herriko haurrekin bat egitea izan da hasieratik, eta orain, zuzeneko saio honekin, harremana askoz ere estuagoa izango da. Umeek zuzenean parte hartzeko aukera izango dute telefonoz, eta baita tarteka platora gerturatuta ere.

Zuzeneko lehiaketak

Eduki berrion artean lehiaketa bat dago. Telefonoz, Xbelek proposatuko dizkien jokoetan parte hartu, eta tarteka sariak irabazteko aukera izango dute haurrek. '3txulo'ko pertsonaien inguruko galderak, jolasak, asmakizunak eta abar izango dira. Zuzenean parte hartzeko ezinbestekoa izango da Hiru3 klubeko bazkide izatea.

Zuzeneko albistegia ere izango da saioaren barruan. Egunero hiru berri emango dituzte, eta umeek hiruetatik gezurretako albistea zein izan den asmatu beharko dute. Tarteka umeei eta gonbidatu bereziei zabalduko diete platoa, batez ere haurrei. Dantzatzeko, kantatzeko, dakizkiten bitxikeriak erakusteko eta programako pertsonaiak ezagutzeko, besteak beste.

Ikastetxe bat astero

Astero-astero Xbelek herri bateko ikastetxe bat bisitatuko du. Bertako ikasleen eskutik, eskola ezagutuko ahal izango da: ikasgelak, jangelak, baratzak, musika aretoa, antzerki taldea... Bertako maisuak ezagutuko ditugu, eta eurekin jolasteko aukera ere izango da.

Xbelek Euskal Herri osoa zeharkatuko du bere jakin-mina asetzeko. Bere erreportajeen bitartez, esate baterako, kandelak nola egin, liburu bat nola inprimatu, zuhaitz bat nola landatu, behiak nola jetzi, zenbatero jaten duten Aquarium-eko marrazoek… Hamaika gauza ikasiko dute haurrek.

Xbelek kantatzen bukatuko du egunero saioa. Doinu ezagun bat erabiliz, egun horretan saioan ikusi eta ikasitakoa laburtuko du.

Eta berrikuntza hauetaz aparte, betiko tarte arrakastatsuak ditu saioak: 3txulotarren abenturak, orain arte bezala umore, jakingarri, balore eta batik bat dibertsioaz hornituta.

'3txulo Zuzenean' astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 19:30etik 20:30era, ETB3n.