eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

Gurasoen txokoa

Gabonak

Nola ospatzen dituzte Gabonak atzerrian?

Gabonak mundu osoan ospatzen dira, eta herri guztiek dituzte beren ohiturak. Baten batek atzerrira joatea erabakitzen badu, hemen du informazioa.

Gabonak heltzen direnean Euskal Herriko kaleak eta erakusleihoak argiz eta Gabonetako apaingarriz betetzen dira. Gainera, umeek oporrak dituzte eta Olentzeroren eta Errege Magoen bisita izaten dute. Baina munduko herriek era ezberdinean ospatzen dituzte Gabonak:

Alemania

Alemaniako haurrek San Nikolasen bisita izaten dute abenduaren 5etik 6rako gauean. Baina hark ekarritako opariak ez dira abenduaren 24ra arte irekitzen. Zuhaitzaren argiak piztu eta gabon kantak abestu ondoren irekitzen dira opariak.

Australia

Australiako Gabonak hemengoekin ezberdintasun handi bat dute: eguraldia. Australian eguzkia bete-betean eta 25-38 gradu zentigradu bitarteko tenperatura izaten dute egun hauetan.

Antipodetan, kapela, tirantedun kamiseta urdin iluna eta galtza motz handiak soinean dituen Santa Claus berezia etortzen zaie haurrei, Swag Man izenekoa.

Brasil

Brasilgo Eguberriaren ospakizunean garrantzi berezia du itsasoak. Eguberri-gauean suziriaz argitzen da Ipanema eta Copacabanako hondartzetako zerua. Copacabana ospetsuan, "filhas do santo" apaiz afrikarrek kandelak piztu eta lorez eta opariz beteriko txalupa txikiak botatzen dituzte itsasora.

Errusia

Urteberri egunean Izotzezko Aitona edo Maroz-en bisita izaten zuten Errusiako haurrek; Papa Noël bezala, agure bizar-zuria da, arropa gorri handiz eta bota beltzez jantzia. Pertsonaia maite horrek laguntzailea ere izaten du, Elurrezko Neskatila.

Norvegia

Eguberri eguneko ospakizuna abenduaren 24ko arratsaldeko 5etan hasten da. Norvegiako etxeetako mahaian ez da falta izango arroz-ahia, barruan almendra bat gordeta duena, aurkitzen duenari zortea emateko. Afalostean, Gabonetako arbola piztu eta julenisse edo Eguberri egunean Papa Noël bihurtzen den eguberri-iratxoaren zain geratzen dira haurrak.

Txina

Txinatarrek Gabonak baino gehiago Txinatar Urte Berria ospatzen dute. Umeei arropa berriak, jostailuak, etab.  oparitzen dizkiete eta bazkari bereziak prestatzen dituzte. Horrez gainera, makina bat suziri botatzen dituzte.