eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

X-sorgin baldarra-X

X-sorgin baldarra-X

Sorgin baldarra

Ostiralero

"Sorgin Baldarra" telesaila, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Haurrei zuzendutako euskarazko fikzioaren aldeko apustu berria ostiralero izango da ikusgai eta gaztetxoek sorgin gazte talde honen abenturak jarraitu ahal izango dituzte uda osoan zehar.

  • Sorgin Baldarra.

    Sorgin Baldarra.

Euskal Telebistak ostiralean "Sorgin Baldarra" telesaila estreinatu du, haur eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko fikzioaren aldeko EITBren apustu berria. "Floorren Arauak" eta "Hardball" telesail arrakastatsuen estreinaldiaren ostean eta ordu tarte berdinean eskainiko ditu ETB1ek "Sorgin Baldarra" telesailaren hiru denboraldiak. Magia eskola bateko sorgin gazte talde bati buruzko ikus-entzunezkoa da, Jill Murphyren The Worst Witch liburu sorta arrakastatsuan oinarritua.

Telesaila ostiralero izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 21:30etik aurrera, uda osoan zehar. Telesaila 3 klubaren aplikazioan eta EITB Nahieran atarian ere egongo da ikusgai.

Mildred Hubble lehen mailako ikaslea da sorginentzako Cackles akademian, eta edozein umeren ametsa bizi du: benetako magia egiteko ikasten ari da. Egunero, erratz batean hegan egin, edabeak nahastu eta konjuruak probatu behar ditu.

Baina mundu magiko honetan, Mildreden tokia arriskuan dago. Miss Hardbroom zuzendariordeak eskolatik kanporatu nahi du, Cackles Akademiaren ospea betiko hondatu dezakeela uste baitu. Ethel Hallow ikaskideak, bere aldetik, paretik kendu nahi du protagonismoa kentzen diolako.

Kaos magiko hori eskolako egunerokotasunarekin lotzen da telesailean zehar. Magiaren bidez mundua aldatzearekin amets egin duten haurrak azkar identifikatuko dira mundu magiko honekin, baita uneren batean behar bezain onak ez izateaz arduratu diren guztiak ere.

Sorgin Baldarra

Sorgin Baldarra

Mildred ez dator sorgin familia batetik. Egun batean, Maud Spellboy sorgin gazteak bere balkoian lur hartuko du istripu baten ondorioz, Cackles Akademiako hautaketa egunera bidean doala. Maudek animatuta, harekin joango da akademiara. Hala, Mildred magiazko mundu berri batean sartuko da eta bere bizitza betiko aldatuko da eskolan onartzen dutenean.

Nahiz eta gauzak ondo egiten ahalegintzen den, magiaren munduko ezagutza faltak kalte egiten dio Mildredi eta etengabe egingo ditu hutsegiteak. Hala ere, ahalegin handiak egingo ditu eskolako sorgin baldarrena ez bihurtzeko.

Hala ere, Mildredek behin eta berriz erakutsiko du neska azkarra, dibertigarria, atsegina eta erabakitzailea dela, bere beldurrei aurre egiteko gai, benetako heroina baten nortasuna erakutsiz.

Mildredek Maud eta Enid sorgin gazteekin adiskidetasun handia izango du, eta telesailak hiru lagunen arteko harremana jarraituko du, eskola berri batean hasteak jarriko dizkien erronka ezberdinen bidez.

Dirk Campbellek, Reza Moradik eta Demot Boydek zuzendutako telesaila da eta Clare Higgins, Raquel Assidy, Bella Ramsey, Jenny Richardson, Megan Hughes eta Tamara Smartek aktoreak dira protagonistak.

Sorgin Baldarra

Sorgin Baldarra

Euskarazko bikoizketan ahalegin berezia

"Sorgin Baldarra" telesaila erronka berria da EITB taldeak bai fikzioetan zein kanpo produkzioko ekoizpenetan euskara sustatzeko duen estrategiaren baitan.

Asier Larrinaga EITBko Euskara Zerbitzuko buruak azaldu du "hizkuntzari dagokionez, "Sorgin Baldarra"k mundu ezberdin batera eramango gaitu, magiaren mundura. Han bizi diren sorginek elkarrenganako begirune handiz jokatzen dute, hierarkia errespetatuz, modu berezian agurtuz, sorginen kodea betez, eta euren indarrak akelarrean batuz. Bertsotan botatzen dituzte babesteko eta antzaldatzeko araoak, eta madarikantuak, berriz, abestu egiten dituzte."

Larrinagak gaineratu du "euskarazko bikoizketan, "Hardball" telesailarekin hasitako ahaleginari jarraipena emanez, oso lan polita egin da mundu ezberdin hori euskarara ekartzeko, «bake on» agur-formulatik hasita."