eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Euskararen aldeko jaiak

EiTBk Eskola Publikoaren jaiarekin eta Ibilaldiarekin egin zuen bat

A.A.

EiTB taldea euskararen aldeko bi hitzordu garrantzitsu horietan egon zen, haien berri bertatik bertara emateko.

Euskal Eskola Publikoaren aldeko festa Balmasedan

Euskarazko kalitatezko hezkuntzaren aldeko aldarrikapenak izan ziren nagusi ekainaren 1ean, Balmasedan zein Gernikan. Lehendabizikoan, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatu zuten, eta bigarrenean, Ibilaldia (Bizkaiko ikastolen aldeko festa) bihurtu zen protagonista. EiTB taldeak bi hitzordu horiekin bat egin zuen; horrela, bi jaialdietan jarritako guneetatik eman zuten berri EiTBko irratiek. Horrez gain, ETBko albistegiak ere bertan izan ziren topaketa horietan jazotzen zen guztia kontatzeko.

Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia

Balmasedak hartu zuen igandean Euskal Eskola Publikoaren jaiaren 23. edizioa. "Gorantz goaz, Go, Go!" lelopean, milaka euskaltzale bildu ziren bertan, "euskal eskola duin baten alde".

Horretarako, egitarau zabala prestatu zuten antolatzaileek. Txikienentzako jolasak, pailazoak, antzerkiak, koadrilen arteko kirol probak, kalejira eta batukada ez ezik, kontzertuak ere egon ziren (Siroka eta Vendetta).

Ibilaldia

"Euskararen Bihozfera" leloa presente izanda, Gernikako Seber Altube ikastolari egokitu zitzaion 2014ko Ibilaldia antolatzea. Ohi bezala, hainbat gunetan banatuta, kontzertuak egitarauaren parte izan ziren Ibilaldian: Itziarren Semeak (Ikastola), The Uski's, Gose eta Esne Beltza (Urdaibai gunea), Sarkor eta McOnak (Pasealekua).

Gainera, egun osoan zehar, haurrentzako jolas, tailer, dantza ikuskizun eta beste hainbat ekintzez gozatzeko parada izan zuten bertaratu zirenek.

Hiru3 komunitatetik ere jaialdi horiei gure bultzada eman nahi izan genuen, eta gaur ere bata zein bestea zoriondu nahi ditugu lortu zuten arrakastagatik. Gogoratu, gainera, 2015ean Elgoibarrek hartuko diola txanda Balmasedari, Euskal Eskola Publikoari dagokionez; 2015eko Ibilaldia antolatzeko ardura, berriz, Bilboko Harrobia ikastolari egokituko zaio.