eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

HIRU3 JAIA 2014

Hiru3 Jaia, igande honetan, EiTBren Bilboko egoitzan

ERREDAKZIOA

Egoitzaren kanpoko zein barruko guneetan ekintza eta entretenigarri ugari egongo da goiz osoan zehar, 10:00etan hasi eta 16:00ak arte.

0:26

Euskal Telebistaren Hiru3 Komunitateak bere jaia ospatuko du igande honetan, irailaren 21ean, EiTBren Bilboko egoitzan (Basurtuko kaputxinoak, 2). Goizean hasi eta arratsaldera arte, 10:00etatik 16:00ak arte, hainbat eduki, tailer, ikuskizun eta sorpresa izango da bertan. Aurten ere jaiak bi gune izango ditu: ekintza batzuk EiTBko egoitzaren kanpoaldean egingo dira eta beste batzuk, berriz, barruan.

EiTBren egoitzaren kanpoaldean egingo diren ekintzen artean, eta aurtengo berrikuntza nagusi legez, karting gune batez disfrutatzeko parada izango da San Mames futbol-zelaiaren aldamenean; bertan, familiako ausartenek bolante baten aurrean euren abilezia erakusteko egokiera paregabea edukiko dute. Halaber, puzgarriak ere egongo dira, baita oilasko errea erosteko postua ere, goizean zehar galdutako indarrak berreskuratzeko. Oilasko salmentaren bidez lortzen den dirua Cáritas elkarteari emango zaio.

Egoitzaren barruko jarduerei dagokienez, besteak beste, EiTBren barrena bisita gidatua egiteko aukera eskainiko da, "la Caixa"ren eskutik; Euskaltelek bideo-jokoentzako txokoa jarriko du; eta Oihan Vega Gazteako esatariak irrati-tailer bat zuzenduko du, irratiaren munduaren nondik norakoak gazteenei hurbildu eta euskara erabiltzea sustatzeko asmoz, Poziktibity kanpainaren baitan.

Multibox aretoa ere entretenimenduz gainezka aurkituko dute Hiru3ko kideek. Tor magoak bertaratzen diren guztiak liluratuko ditu bere trukoekin, ordubete iraungo duen saioan (13:00-14:00). Horrez gain, marrazten iaioak eta ez hain iaioak direnentzat, Doraemonen marrazki-lehiaketa egongo da martxan (lehiaketaren sari-banaketa Tor magoaren ikuskizunaren ostean egingo da). Azkenik, itxuraldatzea atsegin dutenek aurpegiak margotzeko tailerra izango dute esku-eskura. Multibox barruan, gainera, Hiru3 komunitateak gune bat jarriko du, oraindik bazkide ez direnei komunitateko partaide bihurtzeko aukera eskaintzeko.

Aipatutakoez gain, eta LUK Internacionali esker, marrazki-bizidunetako protagonista ezagunekin (Shin Chan, Doraemon eta Nobitarekin) argazkiak ateratzeko aukera izango dute hala nahi dutenek, horrela beraien pertsonaia kuttunekin oroigarri aparta eskuratzeko.

Hiru3 Jaia antolatu eta prestatzeko orduan, EiTBk Euskaltel, "la Caixa", Poziktibity ekimena, LUK Internacional, Ibaizabal eta Cáritas elkartea izango ditu bidelagun.