eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Hiru3 Jaia Gasteizen

Hiru3k Radio Vitoriaren 80. urteurreneko ekitaldiekin bat egingo du

HIRU3

Larunbatean, arratsaldeko 18:00etatik 21:00ak arte, Gasteizko Florida parkean egongo gara Radio Vitoriarekin batera irratiaren 80. urtemuga ospatzen.

Radio Vitoria lehen aldiz emititzen hasi zenetik 80 urte bete dira aste honetan, joan zen asteartean irailaren 30ean hain juxtu. 80 urteurreneko ospakizun ekitaldiak datozen bi asteburuetan izango dira: urriaren 4an eta 5ean Florida Parkean, eta urriaren 11n Probintzia Plazan. Ekitaldien artean, Juan Carlos Nájeraren partaidetzarekin burutuko den 'Bizkletada', bizikleta maratoi solidarioa egingo da; 'Gaztea Gaua'k, DJ Oihan Vegaren eskutik, musika emanaldi aparta emango du; Arabako produktuekin egindako pintxo bereziak banatuko dira; eta musika, argia, soinua eta dantza bilduko dituen Kaleidoskopioa ikuskizuna eskainiko da.

Hiru3 komunitateak ospakizunarekin bat egin nahi izan du, eta, Hiru3 Jaiari luzapena emanez, gaztetxoei zuzendutako hainbat ekintza antolatuko ditugu larunbat arratsaldean. Gauzak horrela, aurpegiak margotzeko tailerra aurkituko dute Florida parkera hurbilduko direnek. Behin aurpegia pintatuta (edota aurretik, hala nahi izanez gero), photocallean argazkiak ateratzeko parada izango dute gaztetxoenek. Gainera, argazkiak ateratzen dituztenen artean, LUK Internacional enpresak emandako Doraemoni buruzko produktu-sortak zozkatuko ditugu: urtebetetzeak ospatzeko sorta berezia, pelutxe bat, DVD bat eta margotzeko liburu bat eta pegatinak.

Gogoratu argazki guztiak eta irabazleen izenak Hiru3 webgunean argitaratuko ditugula astean zehar.

Bukatzeko, oraindik Hiru3ko bazkide ez direnentzat, klubeko kide egiteko txokoa egongo da bertan.

Horrenbestez, larunbat arratsaldean galdu ezin dezakezuen hitzordua daukazue Gasteizen. Gogoratu, 18:00etatik 21:00etara guztiok zaudete gonbidatuta Florida parkera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea