eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

2015/04/27

02:02

3kluba

Haur programazioa

'Sorgintxulo', orain ETB3n eta eitb.eus-en ere bai

A.A.

Etxeko txikienei zuzendutako saioak ordutegi berriak estreinatuko ditu gaur.

  • Tor magoa eta Zuri sorgina

    Tor magoa eta Zuri sorgina

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Aste honetatik aurrera, 'Sorgintxulo'k, etxeko txikienentzako saioak, ordutegi berriak estreinatuko ditu. Goizero, 7etatik 9etara, ETB1en ikus daitekeen haurrentzako saioa, eguerdian eta arratsaldean ere eskainiko da datorren astetik aurrera: eguerdian, 13:00etan, eta arratsaldez, 17:30 aldera, ETB3 katean. Halaber, eitb.eus-eko streaming bidez ere jarraitu ahal izango da goizeko eta eguerdiko emanaldia.

Orain arte, arrainak ezerezetik agertzen ikusi ditugu, plastikozko poltsa batekin globo aerostatiko bat nola egiten den ikusi eta ikasi dugu, kondaira erakargarrienak entzun ditugu... Goizero etxeko galtzagorriekin gosaldu dute Zuri sorginak, Tor Magoak eta Gorritxo galtzagorriak. Bada, hori guztia nahikoa ez, eta, hemendik aurrera, bazkaldu eta askaria ere partekatuko dituzte ikus-entzuleekin.

'Sorgintxulo' saioak EiTBn hazia bota nahi zuen, galdutako haur programazioa berreskuratu, eta ederki loratu da hazia. Baina hori nahikoa ez, eta beste ordutegi batzuetan loratzen hastea du asmoa.

Baleukok eta Euskal Telebistak ekoitzitako saioak ume eta gaztetxoentzako eduki moderno eta erakargarriak eskaintzen ditu, eta gai piloa jorratzen ditu, hezigarriak, zientziari, osasunari eta euskal ondareari buruzkoak. Halaber, magiak, lehiaketak eta jokoek ere euren tartea dute bertan.

Ikus-entzule gazteekin harremanean, Zuri sorgina (Zuriñe Hidalgo Hesian musika taldeko abeslariak gorpuztuta), Tor Mago ezaguna (Aitor Bilbao) eta Gorritxo galtzagorri jostalari eta bihurria.

Urtarrilean estreinatu zenetik hona, esperientzia ikaragarria bizi izan dute, etxeko txikien erantzuna paregabea izan baita, eta gurasoen iritzia, ezin hobea. Eta, aurrera begira, erronka berriei heltzeko prest daude.

Aste honetatik aurrera, beraz, 'Sorgintxulo' hiru ordu-tartetan izango da ikusgai: goizero, ETB1en, 07:00ak aldera; eguerdian, ETB3n, 13:00ak aldera, eta arratsaldez, ETB3n, 17:30 aldera.

Gogoratu, gainera, Hiru3 komunitatearen webgunean 'Sorgintxulo' saioko eduki guztiak eskuragarri daudela une oro: http://www.eitb.eus/eu/hiru3/.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Euskal Telebista