eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

2015/09/01

16:00

3kluba

FesTVal

"Sorgintxulo", Gasteizko FesTValean

Irailaren 2an eskainiko den 'Sorgintxulo' ikuskizun bereziaz gain, 'Safari Wazungu' realitya estreinatuko du EiTBk FesTValen, eta ostiralean, hilak 4, umeentzako eskulan tailerrak eskainiko dira.

  • "Sorgintxulo" saio berezia, FesTValen

    "Sorgintxulo" saio berezia, FesTValen

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Urtero legez, Euskal Telebistak Gasteizko FesTValean parte hartuko du. Irailaren 1etik 5era bitartean, Estatu mailako telebista kateek denboraldi berriko nobedadeak aurkeztuko dituzte Arabako hiriburuan. Euskal Telebistari dagokionez, batetik, umeentzako 'Sorgintxulo' ikuskizun berezia eskainiko du, eta bestetik, 'Safari Wazungu' abentura realitya aurkeztuko du, ETB2ren apustu handienetako bat. Horrez gain, Eikenen hirugarren Talent Day jardunaldian parte hartuko du.

Itxiera Galako sari banaketan, 'Eguraldia' saioak FesTValen sari berezia jasoko du, ETBko saio adierazgarri moduan. Bestalde, EiTBk urtero ematen duen sariak hil berri den Pello Sarasola ETBko zuzendari ohiaren ibilbidea nabarmenduko du.

'Sorgintxulo' ikuskizuna

Datorren asteazkenean, irailak 2, etxeko txikienek 'Sorgintxulo' saioaren aurkezleak ezagutzeko aukera izango dute. Arratsaldeko 17:30ean, Zuri sorginak, Tor Magoak eta Gorritxo galtzagorriak ikuskizun paregabea eskainiko dute Principal Antzokian. Umorea eta magia uztartuko dituen ekitaldiak, 'Sorgintxulo' saioaren eta 'Blackie and Company' marrazki bizidun telesailaren emanaldiak osatuko dute.

Ume eta gaztetxoentzako eduki moderno eta erakargarriak eskainiko ditu egunero 'Sorgintxulo' saioak, eta marrazki bizidunen eskaintza zabala izango du. Hiru pertsonaia dira saioaren gidariak, zein baino zein xelebreagoa: Zuri sorgina alaia, zuzena eta gozoa da; Tor Magoa apur bat baldarra da, baina denetarik daki; eta Gorritxo galtzagorri jostalari eta bihurriak etxeko txikienak bereganatuko ditu.

'Safari Wazungu' saioaren estreinaldia

Ostiralean,  irailak 4, Euskal Telebistak 'Safari Wazungu' abentura realitya aurkeztuko du, hurrengo denboraldirako apustu garrantzitsua. Goizeko 11:30ean, Gasteizko Plaza Berrian, saioaren ezaugarri eta xehetasun guztiak azalduko dituzte Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta saioaren lan-taldeko kideek. Gotzon Mantuliz aurkezlea eta lehiakideak ere bertan izango dira. Prentsaurrekoaren aurretik, umeentzako eskulan tailerrak eskainiko dira, eta txikienek maskara eta ezkutu afrikarrak egiteko aukera izango dute. Aurkezpenari amaiera emateko, Afriki elkarteak dantza afrikarren ikuskizuna eskainiko du. Arratsaldean, berriz, saioaren estreinaldi ekitaldia egingo da, 19:00etatik aurrera, Principal Antzokian.

Afrika aukeratu du Hostoil ekoiztetxeak road movie berezi hau grabatzeko, eta Gotzon Mantuliz 'El Conquistador del Fin del Mundo'ren irabazleetako bat izango da aurkezlea. Era honetako bidaietako gidari profesionala da Mantuliz, eta, gainera, Afrikako gidari talde baten laguntza izango du.

Zortzi lagunek, gure inguruko pertsonaia ezagunak, safaria egingo dute Afrikan zehar, abenturan aurkitzen dituzten ezustekoei aurre eginez. Helburua argi dago: esploratzaile onena aurkitzea.

Itxiera Gala eta sari banaketa

Larunbat gaueko Itxiera Galan Euskal Telebistako hainbat aurpegi ezagun izango dira, besteak beste, 'Vaya Semanita', 'Herri Txiki, Infernu Handi', 'Gu ta Gutarrak', 'Tu al Norte y Yo al Sur' eta 'Todos los Apellidos Vascos' saioen ordezkariak.

Bertan banatuko diren sarien artean, ETBko 'Eguraldia' saioak FesTValeko sari berezia jasoko du, egindako ibilbideagatik eta ikus-entzuleen artean jasotako babesarengatik. Ana Urrutiak, Urko Aristik, June Ansoleagak eta Onintze Salazarrek hartu dute saria.

Bestalde, EiTBk urtero banatzen duen saria, aurtengo udan agur esan digun Pello Sarasolarentzat izango da. Sarasolak telebistari lotutako ibilbide bikaina osatu zuen Euskal Telebistan eta Antena3n izandako ardura eta zuzendaritza postuetan. Aurreko urteetan, telebista munduko beste bi profesional handi nabarmendu ditu EiTBk: Karra Elejalde eta Maribi BIlbao.

Eikenen hirugarren Talent Day jardunaldia

Asteazkenean, irailaren 3an, berriz, Eikenen  hirugarren Talent Day-a izango da. Jardunaldiak talentua sustatzeko helburua du, EikenTALENT ekimenaren lanetik eta talentuen bankutik abiatuz. Talent Day-ak zortzigarren edizioko finalisten pitching bat eta aurtengo irabazlearen aurrerapen bat eskainiko ditu.

Hirugarren Talent Day-a Europa Biltzar Jauregian egingo da, 17:00etatik aurrera, eta esparru honetako profesionalak izango ditu protagonista, baita EiTBko eta erakundeetako ordezkariak ere.


  • ;