eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Otsailaren 2tik aurrera

'Harpetarra' filma euskaraz, laster, zinema-aretoetan

EiTB.EUS

'Harpetarra' animaziozko filma euskaraz ikusteko aukera izango da zinema-aretoetan, otsailaren 2tik aurrera. Aurretik, aurrestreinaldia egingo da urtarrilaren 27an, Bilbon, HIRU3ko kideentzat.

Zinema Euskaraz Zineuskadik sustatzen duen programari esker, otsailaren 2an, Harpetarra filma euskaraz iritsiko da zinema-aretoetara. Aurten, Zinema Euskaraz programaren baitan estreinatuko den bigarren pelikula izango da.

Dug harpetarra eta Urde basurdea dira abentura berri honetako protagonistak. Bi zibilizazio, Harri Arokoa eta Brontze Arokoa, lehian ari dira historian bitartetxo bat lortzeko. Nola? Beraien arbasoek irakatsi zien moduan, "joko sakratua" erabiliz.

Historian jokatuko den partidarik epikoena izango da! Jokoan ez dago kopa bat, baizik eta Dugen tribuak bizirik jarraitzea, euren basoa arriskuan ikusiko baitute Brontze Aroko gizon maltzur eta bilau bat, Jaun Nooth, heltzen denean.

Harpetarra filma, besteak beste, lau Oscar eta bost BAFTA jaso dituen Nick Park saridunaren azken lana da.

Aurrestreinaldia HIRU3ko kideentzat eta zozketa berezia

HIRU3 komunitateko kideek Harpetarra pelikula beste inork baino lehen ikusteko aukera izango dute, izan ere, Bilbon (Golem Alhondiga zinema-aretoan) eskainiko da film horren aurrestreinaldia, euskaraz, urtarrilaren 27an, 12:00etan. Beraz, parte hartu aurrestreinaldira joateko sarreren zozketan, lortu zure sarrera eta gozatu zinema euskaraz!