eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Estreinaldia

'3txulo' berrituta eta '3zpa4' saioa estreinatuko ditu ETB3k gaur

EITB

3txulotarrak ETB3n izango dira egunero goizetan, eta arratsaldeetan, berriz, '3zpa4' saioko musikarien abenturak izango dira ikusgai.

1:28

Astelehen honetan, apirilak 9, ETB3 haur eta gaztetxoen kateak tarte berriak estreinatuko ditu. Bateko, goizetan '3txulo' saioarekin esnatuko gara goizeko 8:15ean; Xbel (Zuriñe Hidalgo), 4ra (Amancay Gaztañaga) eta 2ttor (Iker Galartza) 3txulotarren abenturekin, eta besteko, arratsaldeetan, 20:30ean, '3zpa4' saio berrian, musika taldea osatu nahi duen talde gaztea izango da protagonista. Horrekin guztiarekin batera, goizetik gauera, marrazki bizidun kuttunenak osatuko dute ETB3ren programazioa.

'3txulo' berrituta

Xbel (Zuriñe Hidalgo), 4ra (Amancay Gaztañaga) eta 2ttor (Iker Galartza) 3txulotarrak bueltan dira ETBra. 3txulotarrek egunero hamaika abentura biziko dituzte eta hainbat edukiz osatutako tartea eskainiko digute egunero ETB3n.

Musikazale amorratuak direnez, Klipa-Klipa izeneko bideoklip alai eta koloretsuak eskainiko dizkigute saioko hiru protagonistek. Halaber, Hiru3 klubeko kideek bere tartea izango dute, urteak betetzen dituztenak zoriontzeko tartea edota martxan dauden lehiaketa eta albisteen berri izan dezaten, besteak beste.

Top-era! sailean, orobat, zerrendak osatuko dituzte: Zein da euskal kanturik onena? Zein da marrazki bizidunik gustukoena? Galdera horiei eta beste batzuei erantzunez landuko dituzte zerrendak 3txulotarrek. Ikus-entzuleek etxetik eta ikastetxetik bidalitako bideoak ere bilduko dira. Bestalde, '3txulo'ko kantuen bertsio propioak bidali ahal izango dituzte eta beraien zerrenda osatu.

Azkenik, musika taldea osatu nahi duen '3zpa4!' saioko gazte taldeak egiten duen guztiari begira jarriko dira 3txulotarrak, arratsaldeko saioko protagonistak zertan dabiltzan jakiteko irrikan ibiliko baitira egunero.

'3zpa4'

Arratsaldea, berebat, 20:30etik aurrera musikaz beteko dute '3zpa4!' saioko kideek. Jon (Ander Elordui), Maider (Maitane Lopategi), Amets (Ekain Ibarguren) eta Izaro (Mikele Arizkorreta) dira protagonistak. Lau gazteak lokalean ikusiko ditugu; Maiderren aitonak entseguak egiteko utzi dien lokala, bere tailer zaharra.

Musika talde bat osatzea da euren nahia eta bide horretan sortzen zaizkien zalantzak eta arazoak jarraituko dituzte ikus-entzuleek, baita pantaila aurrean egingo dituzten gogoeta eta aitorpenak ere. Saio osoa bere bideo kanalaren bidez  erakutsiko da. Astero musika emanaldi bat prestatzen ibiliko dira, asteko bideoklipa aurkezteko. Horrez gain, astean behin edo ezusteko opari bat izango dute: 'Go!azen'eko Markelen bisita izango dute tarteka eta Twin Melodyren bideo bat jaso ahal izango dute euren aholkuekin, adibidez.

Ostiraletan saio berezia izango dute. Astean zehar egindako entseguen jarraipena  egingo da, eta lau gazteen iritzi eta aurkezpen berriak tartekatuko dira. Astea nola joan den, dituzten zailtasunak, oso zaila ikusten zutena egunez egun nola hobetzen eta borobiltzen duten kontatuko diote kamerari, besteak beste; ostiraletako saioa biribiltzeko, nola ez, asteko bideoklipa aurkeztuko dute.

'1, 2…3zpa4' saio bereziak

Dena den, apirilaren 9ko estreinaldien aurretik, '1, 2…3zpa4'  saio bereziak eskainiko dira, apirilaren 4ean, 5ean eta 6an, ETB3n, 20:30ean. '3zpa4' saioaren estreinaldirako atzerako kontua egingo dute. Lehen saioan lau protagonistak erronka berria nola bizi duten ikusiko dugu; orain arteko beraien bizitza erakutsiko dute eta lauen arteko lehen topaketa.

Bigarren saio berezian, urduritasuna nabaritzen hasi zaie lau musikariei Kursaalean 'Go!azen'eko kideen aurretik egingo duten emanaldiaren prestaketengatik. Saio honetan entseguak eta bideoklipen prestaketa ikusiko dugu, besteak beste. Kursaaleko emanaldia eta 'Go!azen'eko aktoreekin izango duten lehen kontaktua ere jasoko du saioak.

Hirugarren saio berezian kirioak dantzan izango dituzte lau protagonistek estreinaldi handiaren aurrean. Saioak grabatuko dituzten plato eta estudioak ezagutuko dituzte eta momentu handiaren atariko lanak ere ikusiko ditugu: jantzitegia, makillajea, ile-apainketa. Halaber, programa hau lehen atalaren grabazioarekin eta lehen autografo sinatzearekin osatuko da.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea