eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Udako programazioa

Marrazki bizidun berriak, ETB3ren udako programazioan

EITB

Horrez gain, 'Go!azen', 'Bago!az' eta 'Merlí' telesailak eskainiko dira eta '3txulo' eta '3zpa4' saioen ordutegia aldatuko da.

Udako oporren hasierarekin batera, ETB3k marrazki bizidun berriak eskainiko ditu. 'Cam & Leon' kameleoiak, 'Dinotrack' kamioi-dinosauroen abenturak eta 'Peabody eta Sherman' izango dira haurrentzako udako programazioaren berrikuntza nabarmenenak. Horrez gain, 'Go!azen' eta 'Merlí' telesailak izango dira astelehenetik ostiralera ikusgai, eta 'Bago!az' talent show arrakastatsua eskainiko dute asteburuetan. Halaber, '3txulo' eta '3zpa4' saioen ordutegia aldatuko da, eta animazio pelikula bat izango da ikusgai egunero, goizean.

Marrazki bizidun berriak

Ekainaren 18tik aurrera, 'Cam & Leon' marrazki bizidun berriak eskainiko ditu ETB3k egunero, 14:30ean. Cam eta Leon protagonistak bi kameleoi dira, maskota zintzo eta bizitza egonkorrera ohituak. Zoritxarrez, etxerik gabe geratuko dira egun batetik bestera, eta parkean bizi beharko dira bakarrik. Aspaldi galdutako euren animalia instintu eta jarrerak errekuperatu beharko dituzte parkeko gainerako animalien artean biziraun eta abentura ero eta dibertigarriak bizitzeko.

Asteburuetan, 22:30ean, 'Peabody eta Sheraman' marrazkiak izango dira ikusgai. Peabody jaunak bere adopziozko semearekin, Shermanekin, zuzeneko telebista programa bat egitea erabakiko du, Manhattan auzoan duen apartamentutik bertatik. Show dibertigarria egingo dute, musika, umorea, sorpresa eta elkarrizketa bitxi ugari eskainiz.

Halaber, ekainaren 25etik aurrera, 'Dinotrack' marrazki bizidunen bigarren denboraldia estreinatuko du ETB3k, egunero, 12:00etan. Telesaileko protagonistak erdi dinosauro eta erdi kamioi dira. Ty Rux handia eta Revvit bere laguna D-Structor maltzurraren kontra arituko dira mundu hobe bat eraikitzeko asmoz. Bestalde, 'Dinotrack'en ostean, 12:30ean, animazio filmak eskainiko ditu ETB3k egunero, astelehenetik igandera.

Horrez gain, marrazki bizidun hauek izango dira ikusgai egunean zehar: 'Rita & Crocodile', 'Little Furry', 'Pin Code', 'Yoko', 'Maya', 'Doraemon', 'Heidi' eta abar.

Marrazki bizidun berriak zein ordu tartetan eskainiko diren jakiteko, ETB3ko programazioa ikusi.

'Go!azen', 'Bago!az' eta 'Merlí'

Astelehenetik ostiralera, 'Go!azen' telesail arrakastatsua eskainiko du ETB3k egunero, 15:30etik aurrera. Basakabi udalekua ardatz hartuta, bertako ikasleen istorioak ekarriko ditu telesailak abesti eta dantza artean. Larunbat eta igandeetan, ordea, Zuriñe Hidalgok aurkeztuko duen 'Bago!az' talent showa izango da ikusgai ordu berean, 15:30ean.

Bestalde, 'Merlí' telesaila eskainiko du ETB3k gauero, 22:30ean. TV3 kate katalanak ekoitzitako telesailak Merli filosofia irakaslea du protagonista, eta ikasleak askatasunez pentsatzera bultzatuko ditu, nerabeen adineko arazo tipikoei ezohiko bideetatik aurre eginez.

'3txulo' eta '3zpa4' saioen ordutegi aldaketa

Ekainaren 25etik aurrera, gainera, '3txulo' eta '3zpa4' saioen ordutegia aldatuko da. '3txulo' saioa 09:00etan, 14:00etan eta 20:00etan izango da ikusgai, astelehenetik igandera. 2ttor, 4ra eta Xbel protagonisten abenturak eta elkarbizitzako gorabeherak ardatz dituen tartea da '3txulo'.

Horrez gain, '3zpa4' bazkalostean izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, astelehenetik ostiralera. Saioaren asteko errepikapenak, ordea, larunbat eta igandeetan izango dira ikusgai, 14:00etan. Ikus-entzuleek egunero jarraituko dituzte Jon, Maider, Amets eta Izaro lagunek musika talde bat sortzeko bidean izango dituzten zalantza eta arazoak.

APPan eta webgunean ikusgai, noiznahi

Gogoratu HIRU3 aplikazioan eta webgunean ere badirela ETB3ko marrazki bizidunak, mugikorrean zein tabletean ikusteko. Badakizu, marrazki bizidun gogokoenak, azken nobedadeak zein kapitulu berriak modu erosoan, nahi duzun lekuan eta unean ikusteko, Hiru3 aplikazioa da zure aukera!