eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

'XXL festa'

Urriaren 6an egingo da 2018ko Izan EiTB Jaia, Donostian

EiTB.EUS

Hiru3 Jaia Belodromoan egingo da, programazio zabalarekin. Egun osoan zehar, bestalde, ez dira ikuskizunak faltako: Ene Kantak, '3txulo', '3zpa4' eta 'Go!azen', agertoki nagusian egongo baitira.

0:28

Urriaren 6an, 2018ko Izan EiTB Jaia ospatuko du EiTBk, Donostian. Hiru3 Jaia, 'Go!azen' telesailaren aurrestreinaldia eta Gaztea irratiaren kontzertuak (Iseo & Dodosound eta iragartzeke dagoen sorpresa) izango dira proposamen nagusiak. 12:00etatik 00:00etara, familian eta lagun artean gozatzeko moduko egun paregabea antolatu du EiTBk. Hala, 12 orduko jai erraldoia izango da: etxeko txikienentzako eta gazteentzako 'XXL festa'. Bi kokaleku nagusi izango ditu 2018ko Izan EiTB Jaiak: Belodromoa eta Atano III.a pilotalekua. Jarduera guztiak doakoak izango dira.

Hiru3 Jaia

12:00etan hasita, Belodromoan egingo da Hiru3 Jaia. 0 eta 14 urte arteko neska mutilei egongo da zuzenduta, hainbat gunetan banatuta eta familia giroan gozatzeko programazio zabalerekin. Opariak eta zozketak egongo dira egunean zehar.

Hiru3 Gunea egongo da Belodromoan, eta txikienek fanzone espazioa ere izango dute eskura, HIRU3ko pertsonaiak gertutik ezagutzeko. Jokoak eta tailerrak egongo dira egun osoan zehar, gastronomia, euskara eta ingurumena lantzeko. Halaber, EiTB Studio espazioa ere kokatuko da bertan, egun batez kamera aurrean jartzeko aukera emango duena. Egun osoan zehar ez dira ikuskizunak faltako: Ene Kantak, '3txulo', '3zpa4' eta 'Go!azen', besteak beste, agertoki nagusian egongo dira.

Horrez gain, edoskitze eta picnic gunea izango dute familiek, txikienentzako ludotekarekin.

'Go!azen' telesailaren denboraldi berriaren aurrestreinaldia

19:00etatik aurrera, Atano III.a pilotalekura egingo du salto jaiak, han 'Go!azen'  telesailaren bosgarren denboraldiaren aurrestreinaldia egingo baita. Pilotalekura gerturatzen direnek 'Go!azen 5.0' telesailaren lehen kapitulua inork baino lehenago ikusteko aukera izango dute, protagonistekin batera. Emanaldiaz gozatzeko, baina, aldez aurretik gonbidapenak lortu beharko dira, 'Go!azen’  telesailaren webgunearen bitarteaz. Doakoak izango dira eta 2018ko irailaren 20an hasiko da banaketa 12:00etan. Edukiera mugatua izanda, gehienez lau gonbidapen eskatu ahalko dira pertsona bakoitzeko.