3kluba
HIRU3ko kideentzat
HIRU3 Durangoko Azokan izango da, abenduaren 6an, Irudienean
EiTB.EUS
Haurrentzako euskarazko zinema emanaldia eta bikoizketa tailerra eskainiko dira, Zugaza zinema aretoan, 15:30etatik aurrera.
Irudienea euskarazko ikusentzunezkoen gunea da, Durangoko Zugaza zineman kokatuta Durangoko Azoka egiten den egunetan. Bada, aurten HIRU3 komunitatea ere han izango da, Irudienea gunean, abenduaren 6rako antolatutako haurrentzako euskarazko zinema emanaldian.
Batetik, ‘Harri zopa eta beste zenbait alderantzizko ipuin’ haurrei zuzendutako pelikula bilduma izango da ikusgai, 15:30ean. Kondairak eta mundu osoko neska-mutilen ohiturak jasotzen dituen film laburren sorta da, 3 eta 8 urte arteko umeei zuzenduta dago.
Jarraian, pelikula horrekin lotutako eskulanak edo tailerrak egiteko aukera izango da zinema aretoaren sarreran bertan, HIRU3 klubaren eskutik, eta haurrek argazkia ateratzeko aukera ere izango dute tailerrean egindako lanarekin.
Ondoren, 17:00etan, umeei zuzendutako euskarazko bikoizketa tailerra egingo da eta haurrek pelikularen parte sentitzeko aukera izango dute. 'Binahi' agentzia etxeak emango du tailerra, 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta, bikoizketa zineman eta euskaran zein garrantzitsua den erakusteko.
Emanaldi bakoitzera joateko sarrerak zozkatuko ditu Hiru3 komunitateak kideen artean.
Izan HIRU3 klubeko kide eta zatoz Durangoko Azokara euskarazko zinemaz gozatzera!