eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Eguberrietako Haur Parkea

Abenduaren 26an, Eguberrietako Haur Parkea berriro Ficoban

EiTB.EUS

Pin! Pan! Pun! Eguberrietako Haur Parkea, abenduaren 26an irekiko ditu ateak, eta urtarrilaren 4ra arte egongo da zabalik. Egun horietan Ficobako hiru pabiloiak haurrez eta helduez beteko dira.

Beste urte batez, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko haurren dibertsioaren epizentroa izango da Ficoba. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, Pin! Pan! Pun! parkea instalatuko da bertan, Ficobako Eguberrietako Haur Parkea, etxeko txikiek eta haien senideek gozatzeko leku eroso bat izan dezaten. Aurten, gainera, berritasunak izango dira eskaintzan eta ondorengoak izango dira, besteak beste:

1. pabiloia: teknologia eta dibertimendua

Gune honetako berritasun nagusia Realaren parte hartzea izango da. Kirol anitzeko askotariko eskaintza ekarriko du, eta, futbolean ez ezik, beste kirol batzuetan aritzeko aukera egongo da, hala nola atletismoan, hockeyan eta brilean.

Proposamen teknologikoak nahiago dituztenek drone simulagailu bat izango dute, baita Dash robot hezigarriak erabiltzeko eta programatzen ikasteko gune bat ere.

Joan den urteko harrera ona ikusirik, Ikasgela Ibiltaria proiektua itzuliko da: KULTURA DIGITAL@ programaren barruko proiektu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, bideo jokoak programatzen eta sortzen ikasteko.

Lehenengo pabiloiko eskaintzaren osagarri, tailerrak egiteko eremu handi bat eta bizkarrezurra zaintzen ikasteko gune bat izango dira.

Azkenik, ETB3k Hiru3 klubean izena emateko eta bazkide izatearen askotariko abantailez gozatzeko gune bat jarriko du.

2. pabiloia: dibertimendua, sentsibilizazioa eta eskaintza gastronomikoa

Bigarren pabiloian ere izango dira berritasunak: haurrak futbolin erraldoi batean trebatu ahalko dira, zezen mekanikora igo, edo puzgarrietan jostatu.

Gastronomiazaleek, berriz, pizzak egiten ikasi ahalko dute, gastrotxokoko eskaintza gozatu, esnea mahai gainera iristeko prozesua ezagutu, edo diskofestan edo karaokean dantzatu eta kantatu.

Azkenik, hirugarren pabiloian sartu aurretik pixka bat erlaxatu nahi dutenek ipuin kontalarien jardueretan parte hartu ahalko dute, birziklatzearen mundura hurbildu, edo kafetegian geldialdi bat egin.

3. pabiloia: adrenalina eta emozioa

Benetako haur parke batean, ezin falta barrakak. Beste urte batez, matxinsaltoa, trena, zaldiko-maldikoa, haurrentzako autotxokeak eta ohe elastikoak jarriko dira Ficoban, baita SportJam Kids Park delakoa ere (maila guztietako arrapalak, scooterrean ibiltzeko).

Datu praktikoak

Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra

Arratsaldez, 15:00etatik 20:00etara

Parkea itxita dagoen egunak: abenduaren 31 eta urtarrilaren 1a

PREZIOAK

3-13 urteko haurrak: 8 €

Helduak: 7 €

3 urtetik beherako haurrak: doan

Hamar haurretik gorako taldeak: 6 € haur bakoitzeko –heldu bat dohainik sartu ahalko da taldearekin–

Familia ugariak, txartela erakusten badute: 6 € haur bakoitzeko

Aparkalekua: dohainik

http://pin.ficoba.org