eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Erreportajea

Arkeologi Museoak Paleolito garaiari eskainitako bi gune berri ireki ditu

eitb.eus

Arkeologi Museoak 10. urteurrena ospatuko du arte paleolitikoari buruzko areto berri batekin. HIRU3ren eskutik Bizkaiko Museoak ezagutuko ditugu, Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta.

  • Arkeologi Museoa

    Arkeologi Museoa

Arkeologi Museoak hamargarren urteurrena ospatuko du arte paleolitikoari buruzko areto berri batekin. Bisitariak labar-artearekin apainduriko Bizkaiko hiru koba —Ventalaperra (Karrantza), Armintxe (Lekeitio) eta Arenaza (Galdames)— bisitatu ahalko ditu, haitzulo bakoitzera bisita birtuala egiteko aukera ematen duen 'Óculos' aplikazioaren bidez.

Ibilbide birtual hori baliagarria izango da koba horietako hormetan dauden adierazpen artistikoak ezagutzeko. Irudikapen grafiko horietan, oreinak, zaldiak, lehoiak, hartzak eta ahuntzak ikus daitezke.

Gainera, beira-arasa bat jarri da, argiztapen berriarekin. Horri esker, argitasun gehiagorekin ikusi ahalko dira harrizko eta hezurrezko objektuak, animaliekin edo zeinu geometrikodunak, indusketetan berreskuratu eta kultura-aldi zehatz batzuekin loturiko animaliekin edo zeinu geometrikoekin apaindutakoak. Hezurrezko zintzilikariak, zulodunak, Lamiñakoak bezalakoak (Berriatua), espatulak eta azagaiak irudi geometrikodunak, Santa Katalinakoak bezalakoak (Lekeitio) edo animalien irudiekin apainduriko kolpekariak, Bolinkobakoak bezalakoak (Abadiño); horiek dira museoan ikus daitezkeen jatorrizko obretako batzuk.

Paleolito garaian gizakiekin batera bizi ziren piztiei eskainitako gune bat

Historiaurreko arteari buruzko areto berriaren ondoan, "Ehiztariak-biltzaileak" aretoan, beira-arasa berri bat jarri da eta bertan Bizkaiko aztarnategietan berreskuratu diren animalien hondakin fosilak erakusten dira: tigre sable-hortza, jaguar europarra, Mosbacheko otsoa, orein erraldoia (adar handiak eta ia 400 kilogramo dituzten izugarrizko animaliak), haitzuloetako lehoia (orain 14 mila urte desagertua), hiena pikarta (orain 900 mila urtetik orain 31 mila urtera arte bizi izan zena), oreina, azeria, errinozeroa, bisontea eta uroa. Fosil horiek guztiak historiaurreko Bizkaiko faunari eskainita dagoen sekzio berri batean erakutsiko dira.

Jarduerak 2019an zehar

Urteurrenaren ospakizuna urte osoan zehar luzatuko da orain gutxi inauguratu den “Elurretako lehoiak” aldi baterako erakusketarekin.

Erakusketan, Arrikrutzeko lehoiaren eskeletoarekin batera (Iberiar penintsulan ezagutzen den osoena), garai hartako beste animalia karniboro batzuen fosilak ikusi ahalko dira; esaterako, Obarretako kobazuloan (Bizkaia) aurkitutako kuoi baten buru-hezur bat. Kuoia txakur antzeko animalia bat da, otsoa baino txikiagoa baina azeria baino handiagoa; gaur egun, Asian ikus daiteke. Era berean, Askondoko koban (Mañaria, Bizkaia) aurkitutako leizeetako hartz baten buru-hezurra edo Carrioneko (Pinilla del Valle, Madril) aztarnategiko hiena heldu baten buru-hezurra ikusi ahalko dira, besteak beste. Azken aztarna hori Atxagakoban (Forua) aurkitutako beste fosil batzuen antzekoa da.

Erakusketa osatzeko, leizeetako lehoiaren eskultura hiperrealista bat dago, berariaz erakusketa honetarako egina, eta Iñaki Zubeldiaren bideo bat (Arrikrutzeko lehoiaren eskeletoa aurkitu zuena), non aurkikuntzaren nondik norakoak azaltzen dituen.

Maiatzeko igandeetan, bestalde, familientzako tailer bat egingo da, 'Piztien artean' izenekoa, non 6-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek aukera izango duten Euskal Herrian orain 20.000 urte bizi ziren animaliak ezagutzeko.

HIRU3ren eskutik Bizkaiko Museoak ezagutuko ditugu, Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Bizkaia