eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Jaso Ikastola

'ASKE!', genero berdintasuna eta aniztasuna jorratzen duen musikala

EiTB.EUS

'ASKE!', Jaso Ikastolak sortu duen 7. musikalak onarpen eta aniztasun sexualaren mezua zabaldu nahi du. Bada, Baluarten eskainiko duten emanaldirako sarrerak zozkatuko ditugu, HIRU3ko kideen artean.

'ASKE!' ikuskizuna azken urteetan Jaso Ikastolako Antzerki Musikal Taldeak egindako proposamenaren jarraipena da. 50 ikaslez eta 4 irakaslez osatutako taldeak (36 ikasle agertoki gainean eta 14 atzeko aldean) 8 hilabete daramatza funtzioa prestatzen eta proiektua honen helburuak bultzatzen, euskara sustatzen eta kultura egiteko beste modu bat aldarrikatzen, hain zuzen ere, eta hori guztia, diziplina ugari batzen dituen ikuskizun formatuan elkartuz.

Gainera, eduki guztia eurek sortua da: gidoia, koreografiak, jantziak, kantak, eta baita eszenografia eta argi eta soinu diseinua ere.

Horretaz gain, 'ASKE!' musikalak genero berdintasun eta aniztasunaren gaia jorratzen du ikuskizuneko pasarte eta abestien bidez. Aniztasun sexualaren trataera gai nagusitzat hartuta, Jaso Ikastolak endredo handiko komedia bat proposatzen du. Istorioak pertsonaiek eta haien inguruak bizi duten bidaia psikologikoan zehar eramango gaitu; norberaren identitate eta onarpen prozesuaren bidaian, hain zuzen ere.

Jasok onarpen eta aniztasun sexualaren mezua zabaltzeko asmoarekin sortutako musikalak gazte desberdinen istorioa kontatzen digu. Euren beldurrei aurre egitea izango da haien erronka nagusia, baina, batez ere, ingurukoek bizi duten itsutasuna argitzea, itsutasun hori sistema patriarkalaren ondarea denez, ez baitira gazte hauek bizi dituzten barne borrokak onartzeko gai.

Maiatzaren 3an Barañainen estreinatu ostean, Jaso Ikastolak beste hainbat antzokitan oholtzaratuko du 'ASKE!'. Ekainaren 4an Baluarten eskainiko dute, irailaren 27an Baionan izango da ikusgai, urriaren 11n Tuteran taularatuko dute, eta bukatzeko, urriaren 19an Donostiara iritsiko da, Kursaalera.

Bada, ekainaren 4an, Baluarten eskainiko duten emanaldirako 5 sarrera bikoitz zokatu ditugu, HIRU3ko kideen artean. Hemen zozketako irabazleak!!