eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

2019/05/08

15:17

3kluba

1. gunean, haurren xokoan

HIRU3 guneaz gozatzeko aukera egongo da igandeko Herri Urratsen

Gorritxorekin argazkiak atera eta txapak egiteko tailerretan parte hartu ahal izango dute bertara hurbiltzen direnek. Gainera, egunean zehar, HIRU3ko kide egiten direnen artean opariak zozkatuko dira.

  • Gorritxo, HIRU3 gunean, 2018ko Herri Urratsen

    Gorritxo, HIRU3 gunean, 2018ko Herri Urratsen

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Beste urte batez Herri Urrats ospatuko da Senpereko aintziraren inguruan maiatzaren 12an, euskarari beste bultzadatxo bat emateko asmoz. Iparraldeko ikastolen aldeko festan HIRU3 gunea egongo da eta hainbat ekitaldi izango dira bertan gaztetxoenei zuzenduta; Araba izeneko 1. gunean, haurren xokoan, bilduko dira haurrentzako jarduerak, hain zuzen.

Gorritxo, gure galtzagorri maitatua, bertan izango da umeak agurtzen, eta berarekin argazkia ateratzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen diren guztiek. Horretaz gain, '3TXULO' saioko pertsonaien eta ETB3ko marrazki bizidunen irudiekin txapak egiteko tailerra ere egongo da.

Gainera, haurrak EiTBren ume eta gaztetxoentzako HIRU3 klubeko kide egin ahal izango dira bertan. Jai honetan kide egiten diren guztien artean opariak zozkatuko ditugu, egun osoan zehar. Handik egun batzuetara jasoko dute ongietorria emateko eskutitza bazkide zenbakiarekin, eta hainbat abantaila izango dituzte HIRU3ko bazkide izateagatik; tartean, leku ezberdinetara eta PortAventura parkera joateko doako sarrerak.

Argazkiak, webgunean ikusgai

Herri Urrats festan ateratako argazkiak HIRU3ko webgunean jarriko ditugu ikusgai. Halaber, EiTBk, aurreko urteetan bezala, euskararen aldeko jaien zabalkundea egingo du bere hedabideetan, eta festa honen inguruko xehetasun guztiak kontatuko ditu.

1984an sortu zutenetik, urtero antolatzen du Herri Urrats jaia Herri Urrats elkarteak, Euskal Herriko euskaltzaleak bildu eta Seaskako ikastolei babesa emateko. Ekimenaren irabaziak Baionako Estitxu Robles Arangiz eta Bernat Etxepare lizeoko obrak finantzatzeko erabiliko ditu Seaskak. Aurten, gainera, 50 urte betetzen ditu Seaskak.

"LK" lelopean ospatuko da euskararen aldeko festa hau. Hiru esanahi ezberdin biltzen ditu lelo honek. Alde batetik, Seaskak betetzen dituen 50 urte adierazten ditu L letrak eta K-k, berriz, hitz bat plural bihurtzen du euskaraz. Horrekin geroz eta gehiago direla esan nahi dute. Bestetik, mintzatu esan nahi du eta azkenik, lizeo eta kolegioren inizialak dira.

Ez ezazu galdu Senperen, maiatzaren 12an, egingo den Iparraldeko ikastolen aldeko festa. Animatu! Zure zain izango gara bertan!