3kluba
2. gunean
HIRU3 gunea egongo da Errenterian ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren jaian
HIRU3k bere lekua izango du 2. gunean. Ene Kantaken bisita jasoko dugu arratsaldean, eta, besteak beste, txapak egin eta Gorritxorekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da egun osoan zehar.
-
Gorritxo Herri Urratseko HIRU3 gunean
Euskal Eskola Publikoaren ‘Makina bat taupada’ jaian HIRU3 gunea izango da igande honetan, ekainaren 2an, Errenterian, eta hainbat ekitaldi izango dira bertan gaztetxoenei zuzenduta. Hain zuzen ere, Gamon Zumardian bilduko dira haurrentzako jarduerak.
Hantxe izango da Gorritxo galtzagorri maitatua umeak agurtzen, eta berarekin argazkia ateratzeko aukera izango dute bertara joaten direnek. Gainera, '3TXULO' saioko pertsonaien eta ETB3ko marrazki bizidunen irudiekin txapak egiteko tailerra ere egongo.
Musika ere ez da faltako HIRU3 gunean! Agertoki bat egongo da egun osoan zehar, eta '3TXULO'ko, 'Ene Kantak'en eta 'Go!azen' telesaileko abestiak ikusi eta entzuteko aukera izango dute bertako pantailan, eta, nola ez, baita abestu eta dantzatzekoa ere.
Horrez gain, haurrak EiTBren Hiru3 ume eta gaztetxoentzako klubaren kide egin ahal izango dira bertan. Egunean zehar bazkide egiten direnen artean, opariak zozkatuko dira. Handik egun batzuetara jasoko dute ongietorria emateko eskutitza bazkide zenbakiarekin, eta hainbat abantaila izango dituzte Hiru3ko bazkide izateagatik.
Bisitarik preziatuena, baina, arratsaldean iritsiko da. Ene Kantaken emanaldia izango da 15:00etan 4. gunean, eta hori amaitu bezain pronto, 16:00ak aldera, HIRU3 gunea bisitatuko dute etxeko txikiekin argazkiak ateratzeko eta sinatzeko.
Argazkiak, webgunean ikusgai
Euskal Eskola Publikoaren Jaian ateratako argazkiak HIRU3ren webgunean jarriko ditugu ikusgai. Halaber, aurreko urteetan bezala, EiTBk euskararen aldeko jaien zabalkundea egingo du bere hedabideetan, eta horien inguruan jazotzen den guztia kontatuko du.
‘Makina bat taupada’ lelopean ospatuko dute Euskal Eskola Publikoaren jaia aurten, Errenterian. Batetik, Euskal Eskola Publikoan lanean ari direnak asko direla adierazi nahi dute horrekin, eta, bestetik, bizikidetza eta inklusibitatea irudikatu nahi dute, "denon artean makina bat osatuaz".
Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea eta hezkuntza komunitatea 1994an hasi ziren festa hau antolatzen, hezkuntza sistemaren "ardatza" eskola publikoa izan behar dela aldarrikatzeko.