eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Hiru3

Ene Kantak taldeak saioa izango du egunero datorren denboraldian, ETB3n

EiTB

Datorren ikasturtean, Urko Oskoz, Nerea Urbizu, Oiane Yarza, Astonauta, Satorjator, Astotxiki eta Satortxiki ETB3 kateko, Hiru3 webeko eta Hiru3 app-ko partaide izango dira.

1:41
Ene Kantak taldea

Irailetik aurrera, Ene Kantak taldeak saioa izango du egunero ETB3 telebista kanalean. Aurretik, dena den, Iruñeko taldeak ikuskizuna eskainiko du Hiru3ren standean, EiTBko haur komunitateak kanpoan eskaintzen dituen ekimenetan. Ekainean, hain justu, Gasteizen ospatu zen Araba Euskaraz jaian hartu zuen parte.

Aurrerago, urrian, Kilometroak, Nafarroa Oinez eta Izan EiTB jaietan ere, ikuskizuna eskainiko dute Ene Kantak taldeak eta horrekin batera ibiltzen diren pertsonaia guztiek. Festa horietara joaten diren guztiek talde arrakastatsuaren kanta eta koreografiak abestu eta dantzatu ahalko dituzte EiTBren eskutik.

Datorren ikasturtean, Urko Oskoz, Nerea Urbizu, Oiane Yarza, Astonauta, Satorjator, Astotxiki eta Satortxiki ETB3 kateko, Hiru3 webeko eta Hiru3 aplikazioko kide izango dira, eta abesti eta dantza-ikuskizun jostagarriak eskainiko dituzte. ‘3 Ene Kantak’ telebistako saioan asteko bideoklipa osatzea izango da Ene Kantaken eginkizuna, eta eskolaz eskola ibiliko dira Astonauta, Satorjator eta gainerako lagun guztiak gai bat jorratu eta bideoklipa prestatzeko. Ostiraletako saioan, eskolako haurrekin egindako bideoklipa aurkeztuko dute, eta, gainera, eskolan bertan eskainitako 'Ene Kantak Dantzan' emanaldia eskainiko da.

Asteko gaiaren inguruan, Ene Kantakeko pertsonaien istorioak, margolanak, jokoak eta eduki pedagogikoak moldatuko dituzte. Musika eta umorea izango dira, jakina, saio guztien ardatza. Eta, nola ez, pertsonaia ezagunak gonbidatuko dituzte eurekin kantatzera eta dantzatzera. Bestalde, saioko eduki bereziak (aurrerapenak, estrak, ezkutukoak, making of-a…) Hiru3 webgunean eta Hiru3 aplikazioan jarraitu ahal izango dira.

Besteak beste, Sustrai Colina eta Julio Soto bertsolariak daude datorren urteko telebista eta webguneko saioa prestatzen ari diren gidoilarien artean.

Hiru3rako egingo duten lehen bideoklipa prestatzen ari dira oraintxe buru-belarri, eta laster estreinatuko dute telebistan eta webgunean.