eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Erreportajea

Esperientziez osatutako mundu bat natura bizitzeko

Zenbaezinak dira Ekoetxea Urdaibaien ikasi, ikusi eta bizitu daitezkeen esperientziak. Bertan jardueraren bat egin ondoren, naturgune eder honek dituen berezitasunak beste era batera ikusiko dituzu.

  • Ekoetxea Urdaibai

    Ekoetxea Urdaibai

Zer da Biosferaren Erreserba bat? Zergatik da Urdaibai garapen jasangarriaren eredu? Zer da biodibertsitatea? Zer egin dezakezu zuk ingurumen arazo larrien aurrean? Nola borrokatu dezakezu klima aldaketaren aurka?

Zenbaezinak dira Ekoetxea Urdaibaien ikasi, ikusi eta bizitu daitezkeen esperientziak. Bertara joan eta jardueraren bat egin ondoren, naturgune eder honek dituen berezitasunak beste begirada batekin ikusiko dituzula ziurtatzen dizute eta ondo ulertuko duzu zure bizi kalitatea eta ingurumenaren kalitatea eskutik doazela. Eta, gainera, familia osoaren neurrira eginak daude!

Kokapen estrategikoa

Ekoetxea Urdaibai kokatzen den eraikinak ez du parekorik, Urdaibaiko estuario osoa begiztatzeko aukera ematen duen puntu estrategiko batean kokatua baitago. Begiratoki eder bat aurki daiteke dorretxearen goiko solairuan eta bertatik, largabistak eta binokularrak hartuta, Biosfera Erreserbako leku interesgarrienen xehetasunak ikus litezke; esate baterako, Izaro uhartea, Laidako hondartza, padura bera...

Biodibertsitatean murgilduz

Erakusketa iraunkor handi bi topa daitezke Ekoetxea Urdaibain. Gune horren helburu nagusia Biodibertsitatea zer den azaltzea da. Horretarako animalia eta landare espezieen xehetasunak ikusi ahal izango ditu bisitariak eta munduko zein Urdaibaiko biodibertsitatearen garrantzia ulertuko du. Nola? akuarioak, ekosferak, intsektu-bildumak, ikus-entzunezkoak, txikientzako jolasak eta beste hamaika baliabide aurkituko dituzue.

Aldi baterako erakusketak

Une honetan, uztailaren 14ra arte, "Urdaibaiko itsasadarreko hegaztiak" tamaina ezberdinetako Luis Silva egilearen berrogeita hamar argazkiz osatutako erakusketa dago ikusgai. Erakusketaren helburua Urdaibaiko natura publiko guztiei hurbiltzea da, erreserbako estuarioan aurki daitezkeen hainbat hegazti ezberdin erakutsiz.

Asperduraren aurkako errezetak

Familian egiteko jarduerak ez dira falta urte osoan, hona hemen aperitibo txiki bat:

- “Zetazeoak 10etan”. Itsas faunaren aberastasuna ezagutzeko itsasontzi-irteera.

- “Txikipintxo”. Sasoiko produktuak erabiliz pintxo ezberdinak sortzeko tailerra.

- “Zuresku”. Egurrez egindako jolas tradizionalekin gozatzeko tailerra.

- “Aztarnak familian”. Animalia ezberdinen aztarna eta oinatzak identifikatzeko artaditik trekking ibilbidea.

Udako egitarau osoa ikusteko sakatu hemen.

Gose bazaude...

Ekoetxea Urdaibaik eskaintzen dituen esperientzia anitzez gozatu ondoren eta gose apur bat egin ondoren, inguruko gastronomia onenarekin amaitzeko beta izango du bisitariak Madaixagane Jatetxean.

Kutsu tradizionala duen sukaldaritza egiten da bertan, baratzeko sasoiko eta kalitate handiko produktuetan oinarrituta dago Madaixeganeko sukaldea, inguruko lehengaiak erabilita betiere.

Jolastera!

Esperimentazioa, esplorazioa eta jolasa dira haurraren ikaskuntza prozesuaren oinarri eta bitarteko. Garrantzi handikoa da haurrak bere gorputzetik abiatuz ingurunearen ezagutzeari ekitea eta horregatik, haurrei beren garapenean laguntzen dieten zenbait elementu aurki daitezke Ekoetxearen inguruan (zuhaixken labirinto bat, jolas-parke bat, intsektuentzako hotela, hegaztientzako janlekuak, anfibioentzako putzu bat, basoa bera, zelaiak...). Irudimena martxan jartzeko leku aproposa!