eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

ERREPORTAJEA

El Pobaleko Burdinola eta Muñatones Gaztelua, familian gozatzeko bi museo

EITB.EUS

Muskizen kokatzen dira bi museo hauek. El Pobaleko Burdinolan 500 urtez fabrikatu zuten burdina. Muñatones Gaztelua bisitatuz, Erdi Arora egingo duzu salto.

  • Errementari maisua sutegian burdina forjatzen El Pobal burdinolaren museoan

    Errementari maisua sutegian burdina forjatzen El Pobal burdinolaren museoan

El Pobaleko Burdinola, burdina-industriaren gaineko museo bizia

El Pobaleko Burdinola Muskiz udalerrian dago, Barbadun ibaiaren bihurgune eder batean; izan ere, ibaiaren urek mugitzen zuten makina hidrauliko zahar hori, zeinean, 500 urte inguruz, burdina fabrikatu zen.

Burdinolatik oso gertu ur-errota (gari- eta arto-aleak ehotzen ziren bertan), ogi-labeak eta olagizonen bizitegi zen jauregitxoa daude. Uharka, ubideak eta ur-andelak barne hartzen ditu multzo hori lorategiz, zuhaitzez eta banbu-basoaz hornitutako inguru handi batean dago.

El Pobaleko Burdinolaren bistaldi guztiak gidatuak dira, ordu bete inguru irauten dute eta adin guztietako bisitariei zuzenduta daude. Ibilbide horretan, errotaren eta burdinolaren instalazioak martxan ikusteko aukera dago, eta horiek abian ikustea baliabide didaktikoa ez ezik, zentzumenentzat ikuskizuna ere bada: uraren hotsa, gurpilen gainetik erortzen; mazoaren kolpe irmoa, burdina goriaren gainean; sua txinpartaka edo mailuaren musikaltasuna ingudearen gainean jotzen, besteak beste.

Horrek guztiak esperientzia atsegina dakarkie nagusiei nahiz umeei, bisitari guztientzat aproposa baita. Urteko larunbat guztietan, 12:00etan, martxan jartzen da makineria. Hurrengo erakustaldiarekin bukatzen da bisita: errementari maisuak sutegian burdina forjatzen du, betiko eran. Umeei izugarri gustatzen zaie lan hori zuzenean ikustea.

El Pobaleko Burdinolak museoaren edukiekin loturiko era askotako jarduerak antolatzen ditu umeentzat, hala nola, egun batez olagizon izatera jolas daitezke; burdina errementariaren ikuskapenean forjatzen dute; errotaren zikloa osa dezakete, taloa eta ogia egiteko tailerren bidez (bi elikagai tradizional horien gainean ikasiko dute eta ondo merezitako hamaiketakoaz gozatu), edo mendi-ibiliak egingo dituzte, Barbadun ibaian gora, Galdameserantz, burdina-ibaibide horren urek mugitzen duten inguruko beste burdinola eta errota batzuk ezagutzera.

Muñatones Gaztelua, bidaia bandokideen Erdi Aroko iraganera

El Pobaleko burdinolak Erdi Aroko gaztelu zoragarria ere badu oso gertu, 4 kilometrotara besterik ez. Udako igande guztietan, ekainetik irailera, zabalik dago, bertoko historia erakargarria kontatzeko ordu bete inguruko bisitaldi gidatu baten eskutik. Salazartar guztiahaltsuak bizi izan ziren gaztelu horretan! Besteak beste, dorrearen inguruko arma-patioan, harresian edo babes-lubanarroan zehar ibil daiteke.

Ekainaren 8 eta 9ko asteburuan, Muñatones gaztelua Erdi Aroko museo bizia bihurtzen da, urtero antolatu ohi du Erdi Aroko Birsortze historikoak, eta tailer eta jarduera ugari antolatzen dira familiakide guztientzat. Eguneroko bizimoduko agerraldiak (Erdi Aroko zalduna eta andrea janztea, merkatariak, scriptorium-a...) ikusten dira eta Erdi Aroko borrokaldien eta zaldunen ariketen erakustaldiez gozatu daiteke, baita gazteluko lubanarroan arkularien trebetasunaz ere. Halaber, txotxongiloak eta ipuin-kontalariak egongo dira umeetzat.

Pertsona ugari arituko da birsortzean, gure historiaren garai interesgarri hartan adituak direnak, Erdi Aroaz duten ezagutza eta horrekiko grina hurbildutakoekin partekatzeko. Eta aurtengo V. Birsortzean, sorpresaren bat ere izango da, bertaratuko direnak txunditzeko.

Uztailaren lehenengo igandean, uztailaren 7an, 11:00etatik 14:00etara, Muskizko hondartzara joango da Muñatones, “Hondarrezko gazteluak” jardueraren eskutik. Pobeñako zubiaren ondoan, Andoni Bastarika artistak Erdi Aroko gaztelu hura eta Lope Garcia de Salazar bandokide eta kronikaria landuko ditu. Erronka hori zuzenean ikusteko eta Bastarikak berak dinamizatuko dituen tailerretan parte hartzera gonbidatuta zaudete. Zuen laguntzarekin, “gazteluen hiria” eraiki nahi dute, Muñatones gazteluaren erreplikaren inguruan.

Orduro bistalditxo gidatuak ere badaude, benetako gazteluaren historia gogotsu kontatzeko, XIV. eta XV. mendeetan zehar nola eraiki zen jakin dezazuen.