eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

ERREPORTAJEA

Xaguxatar parkea, euskal natura-ondareari buruzko lehenengo hiri-parke naturala

EITB.EUS

Azpeitian dago kokatuta parke hau. Guztira 1.800 metro karratuko azalera dauka eta enbor bertikalen baratza, laberintoa, 'xaguxatar horma' eta egongune alternatiboa aurki daitezke bertan.

  • Azpeitiko Xaguxatar parkeko sarrera

    Azpeitiko Xaguxatar parkeko sarrera

Ekoetxea Azpeitiak bizimodu jasangarriago bat izaten ikasteko esperientzia anitzak eskaintzen ditu, bereziki familiei zuzendutakoak. Kokatuta dagoen baserriaren barrualdea ez ezik, kanpoko espazioa ere xede honetarako darabil, betiere, esperimentazioa, esplorazioa eta jolasa haurraren ikaskuntza-prozesuaren oinarri direla kontuan izanda.

Har dezagun hizpide Ekoetxea Azpeitiaren kokalekuaren balioa. Azpeitiko mendilerroari erreparatzen badiogu, Izarraitziri alegia, azkar ohartuko gara leku berezia dela. Euskal antropologoen aitzindari izan zen Jose Migel Barandiaranek bildutako ipuin baten arabera, Izarraitzek ondoko Izazpiri "hi zer haiz?" galdegin omen zion, eta Izazpik "hi bezalako zazpi" erantzun. Honi zor omen zaizkio bi horien izenak. Ez dakigu, baina, Izazpi Izarraitz zazpi aldiz den, baina argi dagoena da leku benetan ikusgarria dela.

Izarraitz Babes Bereziko Eremua da, eta beste berezitasun askoren artean, 4 xaguxatar (saguzar azpeitiarrez) espezie desberdin bizi dira. Horregatik hain zuzen ere, Ekoetxea Azpeitiaren kanpoaldean kokatzen den parkeari Xaguxatar deitu zaio, xaguxatarra izango baita parkearen irudia eta gidaria.

Xaguxatar parkea, hiri-parke bat da eta bizigune gisa sortu da, aisialdirako eta naturarekin harremana bilatzeko. Parkeak 1.800 metro karratuko azalera dauka, 1.800 metro karratu gozamen beraz! Besteak beste, horrelako espazioak aurkituko dituzue:

Enbor bertikalen baratza

Akazi-zuhaitzen enborrekin gune bat sortu da eta sokaz egindako armiarma-sareak xaguxatarren antzera bertan zintzilikatzeko aukera ematen digu. Tamaina eta ehundura desberdineko sokak daude, soinu eta bibrazio mota ugari simulatzen dutenak, non bisitariak buruz behera jarri beharko diren, euren entzumen-gaitasuna eta noski, trebetasun fisikoa, frogan jarriz.

Laberintoa

Erramu-sail honek hainbat zentzumenen bitartez jolastea ahalbidetzen du. Esaterako, begiak itxita zirkuitua osatzen asmatu beharko da, baina argi ibili beharko duzue, trebeenek soilik aurkituko dute-eta labirintoaren erdigunea. Gai izango al zara?

Xaguxatar horma

Hormako zuloak binaka konektatuta daude. Batetik hitz eginda, bestetik entzun daiteke, eta saguzarrek gauez ezer ikusi gabe hegan egiteko darabilten radar-sistema birsortu daiteke. Gainera, horma hau rokodromo bat ere bada. Honen ondoan harrizko egitura handiak aurkitzen dira, haurrek batetik bestera salto eginez zirkuitua osatu beharko dute; era horretan, psikomotrizitatea landuko dute.

Egongune Alternatiboa

Parkearen biziberritze osoa jasangarritasun irizpideak eta berdeguneen defentsa aintzat hartuta egin zen. Egongune honek gure ikaskuntza-prozesuetan, gure ikaskuntza- egituretan, gure garapen fisiko eta emozionalean, pertsonen arteko harremanetan eta gure egotean leku atsegin bat eskaintzeko xedea du. Eserleku gisa akazia-enborrak eta mahai bezala kable bobinak jarri dira.